Egunerokotasunean

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2024ko abu. 19a, 17:00

Ixabel Jauregik uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Egunerokotasunean.

Gure herrian hainbat txokotan jendea biltzen da goizetan, Plazaberrin gizon kuadrilla, emakumeak ere mahaietan binaka, launaka, taldean batzuetan, haurtxoak inguruan dituztela. Hortik aparte, haurrekin eskoletara joan-etorrietan elkartzen direnak, aisialdiaren eta kirolaren bueltan elkartzen diren kuadrillak ahaztu gabe. Zakur jabeek ere beren txoko berezia dute. Udaletxe inguruko plaza, kaleetako tabernak, gazte txokoak ere hor ditugu bilgune. Pertsonok gure barruak husteko eta entzuteko jaioak gara. Leku horietan, belarria jartzea besterik ez da behar euskara ez dela nagusi nabaritzeko, dakitenek ere ez baitute erabiltzen, eta kanpotik beste hizkuntza batzuk sartzen ari baitira. Uda betean gaudenez, hondartzetan, igerilekuetan, mendian, zenbat mahai inguruko hitz aspertu. Beste batzuetan eskuko telefonoarekin irudikatu ditzakegu solaskideak, nahi eta nahi ez entzun behar izaten ditugulako beraien jardunak –autobuseko joan-etorrietakoa harrigarria benetan–.

Gogoko dut besteek esateko zer duten entzutea. Badut lagun bat 90 urtekoa edozein gairi buruz hitz egiteko prest egoten dena, existentzia arazoez, galderez, ikuspegi desberdinak eskaintzen dizkit, zortekoa ni. Ildo horretatik, bada herrian Elkarrizketa Zirkuluak izeneko taldea. Irratia entzuteak, batez ere elkarrizketak, eta egunkari eta aldizkarietako iritzi atalak irakurtzeak interesa sortzen dute nigan.

Irakurzaletasunak betetzen nau, eta herriko irakurle taldeko kide izateak

Irakurzaletasunak betetzen nau, eta herriko irakurle taldeko kide izateak. Proposatzen zaigun liburua bakardadean irakurritakoan, idazlearen bakardadera eta sormen zurrunbilora sartzen naizelako, bion arteko elkarrizketa isila sortuz, eta ondoren, beste taldekideen eta gure bideratzailearen iritziek, ikuspegiek, harrituta uzten nautelako.

Arestian aipatutako bideak pentsamendu kritikoa lantzeko modurik egokienak dira niretzat. Horretarako ezinbestekoa dugu munduari irekiak egotea, besteen ikuspuntuak ezagutzea, daukagun informazioa kontrastatzea, norberari galderak egitea, geure jarreran ditugun mehatxuak identifikatzea, irtenbide desberdinak aurkitzea.

Nork eraman nau honaino? Iñaki Segurolaren Arrazoia ez dago edukitzerik liburuak. Udan patxadan irakurtzeko modukoa, ez duzulako haririk galtzen, bukaeratik zein hasieratik has zaitezkeelako, edo erditik. Oharrak jasotzeko kaieratxoa beharko zenuke bere gogoeta mamitsuenak biltzeko, egunero norberak bere buruari egiten dizkion edo egingo lizkiokeen galderak daudelako umorez, ustekabez, jakinduriaz, beti joan gaitezen pentsamendu kritikoa garatzen. Hor uzten zaituztet guztiz ados nagoen gogoeta batekin: "Euskaltzaleek berritsuak izan behar lukete denek; hartara, euskaraz gehiago hitz egingo litzateke. Eta berritsuak ez ezik, txoroak izatea ere txarra ez, asko eta denetik hitz egin dadin euskaraz. Baina ez: hitz gutxikoak eta totel samarrak direlakoan nago oro har, eta esplikazio motz jakinekoak eta ahoko zuloko jardunak darabiltzatenak. Eskerrak kontzientzia gutxiko euskalzulo batzuk gabiltzan… bazterrak izorratzen"

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide