107 udalen artean

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2024ko mai. 19a, 10:00

Ixabel Jauregik apirileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: "107 udalen artean".

Nora doa euskara, Lingua Navarrorum, izatetik, gaur euskara ez dakienari erraztasun guztiak jartzen zaizkion Euskal herri honetan?". Nondik hasi? "Konkistatzaileek sinestarazi ziguten okupazioa gure arbasoen arteko hitzarmen bidez gauzatu zela, (Amerika aurkitu zenekoaz gogoratzen…) erabaki ona izan zela gure lurraldearentzat eta horri esker hobeto joan zaizkigula gauzak". Ba al dakizue euskararen aurkako lehen debekua duela 665 urtekoa dela?

"Kolonizazioaren ondorioz, honakoak baldintzatzen ditu euskaren aldeko politika guztiak, espainiera eta frantsesa ere bertako hizkuntzak direla. Hegoaldekook eta Iparraldekoek bi hizkuntza dauzkagu jatorriz, komunean daukagun euskara zaputzak ez duela ezertarako balio iradokitzen digute. Espainolak eta frantsesak egiten gaituztelako munduko!". Juan Carlos Moreno linguista espainiarrak hala esan omen zuen: "Kolonialismo mentala, hiztunei beren hizkuntzak ezertarako ez duela balio sinestarazte da". "Hiztunei hizkuntza erabiltzea eta seme- alabei transmititzea ez duela merezi sinestearaztea da hizkuntza horrentzako heriotza-zigorra". Nazkatuta nago euskaldunok euskara inposatu nahi dugula entzuteaz. Euskal Herrian bi hizkuntza inposatu direla esan beharra dugu, "herri bat inbaditu dutenak herri horren biktimatzat agertzea euren burua, eta guk horri naturaltasun labela eskaintzea". Xalo-xalo onartzen dugu "erdaldunek erdarara behartzen gaituzten egoera naturaltzat hartzea, eta guk euskarara behartu nahi ditugunean inposatzen ari garela barneratzea…". Arestian aipatutako linguistak diona argigarria da begiak irekitzeko: "Hizkuntza nagusiaren sustapena hiru ezaugarri positiborekin definitzen da: elkarren ulermena dakar, aurrerapena eta berdintasuna. Menpeko hizkuntza, aldiz, ezaugarri negatiboekin jantzia dator, gizartea zatitzen du, atzerapena dakar eta desberdintasuna".

Nazkatuta nago euskaldunok euskara inposatu nahi dugula entzuteaz

Pako Aristik 2015eko maiatzaren 20an, isobara artean neure bidea aurki nezan, izenpetu zidan bere Euskararen isobarak, hamasei gezur handi eta koda bat liburuan, hor datoz goiko aipuak, Pakori lapurtu dizkiot, batzuk bakarrik, besteak zuek aurkitzeko uzten ditut. Azkoitiko Euskara Mahaiko kide izan nintzenetik, euskararen normalizaziorako arduradun eta batez ere azken urteetan parte hartu dudan lan taldeetan, burugogor Azkoitia UEMAn sartzea eskatu dut, eta 2023a bukatu baino lehen kide gara. "Bazen ordua" nion nirekiko. Badakigu ez dela doan, zalantzak egon direla ere bai, baita herriak beste lehentasun batzuk eduki ditzakeela ere. Baina orain arteko ahaleginak ezagututa eta Azkoitiko adierazle soziolinguistikoak ikustea besterik ez dago, dinamika berri baten beharrean dago gure herria. Ordainetan jaso duguna: euskararen normalizazioaren lorpena, herritarren sentsibilizazioa eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.

Munategirekin mugan dugun herrian, gainera, Zaparraie euskara taldea sortu dute gu UEMAn sartu garen garai berean, herritarren kontzientzia nazionalean eta linguistikoan eragiteko, eta euskararen erabilera sustatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide