Eskerrak

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2023ko api. 12a, 09:00

Ixabel Jauregik martxoko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: Eskerrak.

Orain dela gutxi jakin dut On Kixote liburuan Sancho de Azpeitia bat azaltzen dela eta Madariagan apaiz zegoen batek, Pedro Berrondok, Cervantesen lana euskaratzean aipatu zuela hura.

Azpeitian gaur egun bada 1766ko Matxinada kalea: urte hartan, azpeitiarrak eta azkoitiarrak beste batzuekin bat eginik elkartu ziren Loiolan, saltzeko eta erosteko unean aleen neurketarako pisu desberdinak erabiltzen zituztelako, eta protestan matxinatu zirela gogoratzen du kaleak.

Bilintxek eta Iztuetak ere lotura handia dute Azpeitiarekin, haiek emazteei bertsoak egiten zizkietelako. Horri lotuta, garbi dago prentsa idatziaren aitzindari lana bertso paperaren bidez egiten zela, garaiko kronika soziala bihurtuz. Adibide bezala, Azkoitiko Juan Mari Zubizarreta Etxeberritxo bertsolariak kontatu zuen Jose Tejeria Azpeitian urkatu zutenekoa, eta hark arrakasta handiz bertso sorta saldu zuen.

Luze joango litzaidake Loiolako Lagundiko kide andana zehaztea, baita bailarako historia jasotzen duten hainbat datu aipatzea ere. Dena den, sendagileen artean, Azkoitian urte luzez lan egin eta euskarari babesa eman zioten Azpeitiko lau sendagile aipa daitezke, tartean Joannes Etxeberri Sarakoa. Nahiz eta kale txiki batek hura oroitzen duen, euskal hizkuntzaren apologian aitzindarietako bat izan zen.

Eta bitxikeria bat: 1929an nolatan aurkitu zuen jesuita batek Argia aldizkariaren zenbaki baten azala paper mutur batean Kolonbiako Andeetan? Uztarria Azpeitiko kultur koordinadorak argitaratu zuen liburuan azaltzen diren pasarte batzuk aipatuko dizkizuet.

Eskerrak orain dela hamazazpi urte Jose Luis Otamendik eta Iñigok Aranbarrik Loiolarik ez balitz sortu zuten. Hala zioten: "Azkoitian eta Azpeitian izan diren idazleen katalogo moduko bat (...) izan nahi zuena batez ere, erakusle, gure artean izan duguna amnesia kolektiboan gal ez zekigun". Horregatik, Loiola izan dute bi herriak elkarren ondora ekarri eta lotzeko giltza. Eskerrak Otamendiri, batez ere, poesian sortutako hamar kume horiengatik. Landura irakurtzeko irrikaz nagok. Eskerrak, Aranbarriri, igandero Berriako zutabeetan hausnarketarako bide emateagatik, eta nola ez, Azkoitiko irakurle taldeko artzaintzagatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide