Altxa burua

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2022ko ira. 6a, 09:26

Ixabel Jauregik Maxixatzen aldizkariaren abuztuko alerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: Altxa burua.

Zer diosta bizitzak/hizkuntzaren gaian? Hementxe nabilela/normal bizi nahian/ez jaio arren oso/epoka lasaian/suerte bat izan dut/nik nire garaian/gonbidatu nautela/Euskararen jaian" (J. Sarasua). Euskararen jaira gonbidatu gaituzte hogeitabigarrenez, eta Karmele Jaioren mezuaren hitzak entzun ditzagun, begiak itxita: "Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik". Miren Alberdik eskerrak eman zizkigun maiatzeko alean, nahiz eta ez egin Korrika Kulturalean ahalegin handirik, nahiz eta batzordeetan ez parte hartu. Iaztik zegokigun ale hori jartzea, pandemiari botako al diogu errua? Lehen borondatez egiten ziren lanak inertziaz egiten al ziren? Euskara presente al dugu gure egunerokoan? Ez al gara transmisioa bermatzeko arduradun sentitzen?

Herriko hainbat txokotan gaztelera hutsunean ari dira asko, nahiz hemen jaio edo urteak eman gurean bizitzen. Errespetu eza adierazten didate, ez dute itzultzen agurrik, dakizkiten hitzak ez dituzte erabiltzen eta ez dira ari euskaraz ikasten. Nahikoa zaie ulertzera iristea, baina gero euskara batua eta Azkoitiko euskara izango dira aitzakia. Jasanezina zait esaldi berean bi hizkuntza natural-natural nahastea, 5 urteko alaba udan oporretan gaztelaniaz ezin delako komunikatu kezkatuta egotea edo ikasketak zein lana medio kanpora atera eta gaztelera trakets erabiltzeaz lotsatuta egotea. Erdarak irentsita gaituenean? Hiztegia ere zabartu dugu: fotue, pedue, katxue, eskusie... zumito, a lolitos, patituk, arrejuntatzeko ordue... 1999. urtean, Azkoitia sortu zeneko 675. urtebetetzean egin zen bezala, beste beka bat atera behar al dugu Azkoitiko euskera lantzeko? Hemendik bi urtera, Azkoitiak 700 urte betetzen dituenerako, agian?

Zer iruditzen ikasleek, 16-17 urterekin, EGA ateratzeko aukera dutenean, Advanced lehenestea? Azterketa hori prestatzeko eta ordaintzeko prest egotea, eta EGA, D ereduan landua eta azterketaren matrikula merkeagoa izan arren, atzeratzea, gerorako uztea, agian ez egitea...? Garrantzirik ez zaio ematen. Non dira gure herrian adin horretara iristean gazteen gehiengoak EGA lortzen zuten garaiak? Gure hizkuntzak, munduko beste askok bezala, baditu behar adina gaitasun, baina norberak garatu behar ditu horiek, eta horretarako borondatea jarri behar du.

Nola adierazi funtsezkotasuna? Euskarak lurralde hau besterik ez du, eta guri dagokigu erabiltzea eta babestea, euskaraz bizitzea. Nahiz ez izan nazio ezagutua, ahaztu egiten zaigu eta ez dugu barneratuta nazioa hizkuntza komunitatea dela. Hizkuntzarik gabe ez gara gu, baina hizkuntza ere ez da gu gabe. Ni hizkuntzarentzako garrantzitsua izango naiz, hizkuntza niretzat garrantzitsua baldin bada. Hizkuntza asko ditugu gure herrian, gure baitan, baina euskarak euskaldunok bakarrik gaitu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide