Itzultzeko lan lepo!

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2020ko abe. 10a, 08:41

Ixabel Jauregik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Itzultzeko lan lepo'.

Aurrekoan, Azkoitian eta Azpeitian (arnasgune herrietan?), horma handi banatan mezu bera: Ultimos locales, venta o alquiler, Amenabar. Toki gutxi hor euskarari lehentasuna emateko. Ez dakit halako enpresak konturatzen diren produktu bat saltzen denean lotura emozionalak jorratzen direla; erosleok marka horrekin identifikatzea bilatu behar dute, beraz haientzat ere onuragarria da gure hizkuntza aintzat hartzea.

Egunkari batean, gaztelania hutsean: "La traducción al euskara retrasa la puesta en marcha de la APP Radar COVID". Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaztelaniaz eman zuen tresna informatiko horren atzerapenaren berri. Berriro ere euskara traba.

40 komunikabidetako 397 kazetarik bat egin dute euskaraz hitz egingo duen Eusko Jaurlaritza eskatzeko. Gobernu kontseilu berrian, hiruk ez dute euskaraz moldatzeko gaitasunik. Aurreko gobernuan euskaraz ez zekitenak bost ziren. Aurrera goaz. Jon Alsa EITBko kazetariak hala esan du: "Tristea da hiru edo lau legealdi daramatzaten politikariek euskaraz ulertu ere egiten ez dutelako Eusko Legebiltzarrean aurikularrak erabili behar izatea". Kasu horretan ere itzuli egin behar euskarara.

Berrogeialdia leundu dutenetik, kokoteraino nago: ETB1 piztu eta inoiz baino gaztelania gehiago entzuten dut; hainbat tramite egiteko ere gaztelaniaz edo elebiz, eta euskara kaskarrean… Herriko hainbat tokitan mezuak eta oharrak ere gaztelania hutsean; horiek ez naute bezero izango. Itzulpenak ere hala nola: Saiagelak=probadores.

Anjel Lertxundik Berria egunkariko Hiruko (H)itzan zioen: "Sistema gaztelaniara lerratzen ari omen da aspaldi ez bezala, inertzia erlaxatu batez, utzikerian goxo eginez, aurreragoko lanak beti dira gezur ofizialduak hutsegiteak, defizitak eta zabarkeriak zuritzeko".

Bingen Zupiriaren hitzetan, "pandemiak euskararen ahuldadeak agerian utzi ditu". Euskararekin erakundeek dauzkaten ahuldadeak utzi ditu agerian, ordea. Argian Sonia Gonzalezek honakoa zioen: "Euskarak izatekotan indarguneak dauzka: dena kontra izan arren, euskaldunok geure biziraupenean tematzen garela, batez ere. Praktikan, itzulpen hizkuntza da euskara, euskaldunok itzulpenik beharko bagenu bezala. Erakundeen jokabidea, ordea, erdaraz funtzionatu, funtzionatzeko modu posible bakarra hori bailitzan, eta gerora euskaratu. Eta helburu bakar batekin, gainera, euskaldunok kexa ez gaitezen".

Jarrera lotsagabea eta tematia erakutsi behar dugu, euskarari lehentasuna emanez etengabe, egunero.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide