Anaitasuna mendi bazkunekoekin Urbiko aterpetxera joan gineneko nerabezaroko oroitzapenak kos-kos egiten dit belarrian, eta bihotzean batez ere. Txori ttikia abestia entzun nuen aurreneko aldiz: "Txori ttikia nintzelarik/esan zidaten/kaiolan bizitzeko/ sortua nintzela (...) libro nintzela sinistarazi/ nahi zidaten / horregatik ireki zizkidaten ateak/ egin nezan hegan/ bainan luze gabe ohartu nintzen/ hanka harkaitz bati/ lotu zidatela/ kate motz eta astun batez/ (...) kaiola hautsita alde egingo nuen beldurrez...". Barruraino sartu zitzaidan kanta. Handik gutxira, lanera eta ikastera Tolosara joan nintzenean giro erdaldun batekin egin nuen topo, eta kantu harekin nire euskal nortasuna aldarrikatzen hasi nintzen. Han Txarama, Lizartza, Errezil... eta inguruko ikaskideak kantuaren esanahiaz jabetzen hasi ginen: nor zen txoria, arranoa, kaiola, katea...
Gero, ikasketek Donostiara eraman ninduten: han Magisteritzako kideen artean Martxelo Otamendi genuen. Gure ikasketak gaztelania hutsean ziren, eta guk irakasle euskalduna izan nahi genuen. Ordurako, Otamendik alfabetatze klaseak ematen zituen Tolosan, eta alfabetatu beharra piztu zuen gugan. Ados jarri eta ekin genion. Garai hartan, aita Barandiaranen Lehen euskal gizona izan zen euskaraz irakurri nuen lehen liburua. Hiztegia dantzatzen zenbat geldialdi egin nituen! Orri gehienak arkatzez idatzitako ohartxoz bete nituen.
Gizarte arloan egin nuen Magisteritza, eta Euskal kultura ikasgaia irakastea proposatu zidaten. Bitartean, uda batean, bertsolaritzako ikastaro trinko bat egin genuen. Juanito Dorronsororekin aritu ginen bertsoaren tripak ikusten. Irakasle bikaina zen. Bere irakaspenak irentsarazten zizkigun, Imanol Lazkanok esaten duen bezala, "erabat bertsoz mozkortu arte". Hitzen jolasa, gozamena... etorri zen, eta praktikara pasatu nintzen Euskarako unitate didaktikoak zipriztinduz.
Euskal izatearen nortasuna presente izan dut, eta dut, sakontze prozesu etengabea delako eta militantzia sena garatu dudalako. Gure hizkuntzaren normalizazioaren bidean, azpimarratzekoa da J.M. Sanchez Carrión Txepetx-en teoriaren ekarpena, garbi erakusten baitu non gauden eta non egon behar genukeen.
Jarrerak lantzeko, TELP tailerrak hor ditugu euskaraz nonahi eta noiznahi eroso sentitzeko.
Nire bizitzaren ibilbidean Urbirako bidean entzundako hitzek gaurkotasunik ez dute galdu: "Zatozkit goi arnas, egizu nerekin lan, herri baten arnasa mamitu dezadan, geroak esan beza, herri bat izan zan, edota hats emaiogun hontan iraun dezan". Emaiogun hats gogoz eta egunero, epelkerietatik urrun, norberak bere alea jarriz.