Orain dela hirurogei bat urte, urrutirago joateke, Gipuzkoako familia bat hiru haur hartu eta Argentinara joan zen itsasontziz, hemengo lan eskasia zela eta. Denok ezagutzen ditugu etorkizun hobearen bila gaur egun ere Erresuma Batura, Australiara, Alemaniara, AEBetara eta Txinara joandakoak.
Baina konturatzen al gara geu ere gatazkaren erdian gaudela eta arazoaren sortzaileak ere bagarela? Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Euskal Herriko Migratzaileak plataformek, joan den apirilaren 28tik 30era, EH Mugak Zabalduz karabana antolatu zuten Hendaiatik abiatuta. Gure herrialdeko «gune beroetan» zehar ibili zen karabana; pertsonekin edo armekin trafikatzen den tokietan, alegia.
Ez ditzagun itxi begiak, Euskal Herrian bertan baititugu honelakoak: Hendaia eta Irun artean Atzerritarrak barneratzeko Zentroa, baldintza eta egoera jasanezinetan, Bardean tiro eremua, armak egiten dituzten enpresak, Santurtziko portuan Erresuma Batura heldu nahiko luketen gazteak bahituta…
Lampedusako gurutzea Loiolara iritsi zen martxoaren 22an, eta 24an Arantzazura. Hiri kultura eta elkarteetan solidaritatea nahiz bakea zabaltzea da gurutze ibiltari horren helburua. 2013ko urrian 366 etorkin hil ziren, itota, Italiako Lampedusan (Siziliatik 205 km-ra eta Tunisiatik 113ra dagoen irla) gertatutako naufragioan. Gurutzea horrelako egoeretan jasotako zur-zatiz eginikoa da. Eritreatik eta Somaliatik ihes egindako gizon-emakumeak ziren hildakoak, Europan bizimodu hobearen bila abiatutakoak.
Galdu diren eta galtzen ari diren migratzaileen oroimena ez dezagun gal guk ere, ez dezagun ahantz derrigortutako migrazioak direla, inon eta inork ez duelako nahi bere etxea uztea.
Iazko uztailean Loiolako Santutegian Leku bat munduan izeneko argazki erakusketa zabaldu zen, garaiotako drama humanitario handienetako batera gerturatu nahian eta gure inguruan pertsona migratzaileen alde lan egiten duten elkarteen berri emateko.
Argazki bilduma horren bidez ikus daiteke Europak eta bertako estatuek, kolonialismotik gaur arte, nola migratzaileen herrialdeetako baliabide ugari indarrez arpilatu dituzten: petrolioa, zura, mineralak, ura, elikagaiak... Arpilatze horri esker dugu hemengo biztanle gehienok bizi-maila onargarria. Bada garaia banaketa bidezkoa egiteko, duintasunez bizitzeko behar duguna guztiok maila berean eduki nahi badugu. Begira diezaiegun paneletako haur, emakume eta gizonei, eragiten ari garen gehiegizko esplotazioak kolapsoa sortu baino lehen.
Erakusketa horren bitartez, pertsona migratzaileekin batera bidaiatzera gonbidatu nahi gaituzte Loiolako Santutegiak eta Jesuiten Alboan gobernuz kanpoko erakundeak,
Maiz hausnartzen dut albiste eta komunikabideei jarraituz, aurrerapenak ikusten ditudanean, hainbeste salgai eskaintzen dizkigutenean… horiek batzuentzat, eta noren bizkar? Arriskutsutzat ditugu migratzaileak, baina zein dira arriskutsuagoak? Ba mundua menpean dutenak, dirua dutelako mundua beraiena bakarrik balitz bezala jokatzen dutenak, beraien nahi guztiak beteaz
Lekualdaturiko 70 milioi lagun baino gehiagoren eskubide zapalkuntzaz konturatzen al gara? Agintariei etengabe exijitu behar diegu egoera horri irtenbidea emateko neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzaten.
Eta herritarrok zer egin? Margaret Mead, Estatu Batuetako antropologo eta olerkaria, umetatik amarekin joaten zen etorkinak elkarrizketatzera, eta horrela, gaztetatik barneratu zuen gatazkaren muina, eta honela zion:”Ez izan zalantzarik: konprometiturik eta etengabe diharduen herritar talde bakar batek mundua aldatzeko ahalmena dauka”. Herrian xume eta zarata handirik gabe horretan dabilen taldea badago, esku zabalik hartuko zaituzte.