Gozatzeko eta gozarazteko lekua

Erabiltzailearen aurpegia Ixabel Jauregi 2015ko uzt. 9a, 21:30

Herri harresituaren indusketa egin zuten Munoaundin Aranzadi elkarteko kideek, hamabost egunez. IXABEL JAUREGI (2013)

Itsaso tropikala, koralak ur azpian, gaur egun harrobia marmol gorria eskalatzeko leku paregabea.
Zeharkatzen duen ibaiaren hondoan basaltozko harritzarrak, sumendiaren aztarnak.
Zazpi hektareako lur muino harresitua, duela 2500 urtekoa, eta bertan: fibula, errota, zeramika zatiak… hor bizi izan zirenen arrastoak. 


Paradisu txikia bere txara, baso, ur jauzitxo, mendi gailur, errekasto ur gardendunak…
Flora eta fauna aberatsez osatutako aukera paregabea: koartzak, katagorriak, kaioak, uroiloak, martin arrantzaleak, kormoranak, ahateak, txantxangorriak, beleak, zozoak, kardantxiloak, okilak… Zuhaitzak ere bere betean dabiltza: arkazi aran-tzadunak mahats-sortak bailiran oparo loratuak, astigarra bere fruituak dilindan dituela; baita lizarrak ere. Sahatsak, hurritzak, haltzak eta abar ere ez dabiltza atzetik. Gaztainondoak, pikondoak eta intxaurrondoak beren udazken eta negurako altxorrak prestatzen.
Herrian eta inguruan herritar ezagunen irudiak, oroitarriak: bi korrikalari, filologoa, musikaria, zalduntxoa, politikoa, pilotariak, gizonezkoak denak… Hori dela eta errotonda txiki batean xume, isil, emakumeari keinua egiteko jarri dute bere irudia, herriko emakume ezezagun denen ordez.
Herria sortu zeneko bi tokitara igotzeaz bat, ikus daitezke bere edertasunean sei auzo, eta ibaiaren ezkerretara eta eskubitara herri ondare oparoa: dorretxeak, ermitak, jauregiak, kale izendegi bitxia… ezagutzea merezi duena.
Herri gunetik irteten bagara ur osasuntsuak dituen edo inoiz izan dituen bainu-etxe baten aztarnak ikusiko ditugu, eta horren inguruan bidegorria, elkarren aldameneko bi herri lotzen dituena, nahiz oinez nahiz bizikletaz gorputza astinaraziko eta zentzumenak piztuko dizkiguna.
Herri hau oso gertuan dugu 1314.urtean sortu zen San Martin de Iraurgi izenpean.
Euskararen arnasgune izatearen kontzientzia ba omen du, bere euskalkia eta hitanoa ditu. Herritar gehienek ezagutzen eta ulertzen dute, nahiz nahi adina ez erabili. Beraz, euskaraz mintzapraktika lantzeko leku aproposa, geu ere hizkuntza bat ondo ikasteko hizkuntza hori jator eta egoki egiten den lekutara joaten baikara.
Hauxe da datorren opor garai honetan gozatzeko dugun herria geuretzat, eta gozarazteko kanpotik datozenentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide