Olentzerok ikatza

Erabiltzailearen aurpegia Iraia Oteiza 2018ko mar. 4a, 12:00

Gabon garai honetan dendaz denda ibili naiz ni ere, opariak erosi eta erosi. Izan ere, egungo gizarte kontsumista honetan, zenbat eta gehiago gastatu orduan eta gusturago geratzen gara edo sentsazio hori ematen dit niri, Gabonetan behintzat…

Kontsumismoaren inguruan luze hitz egin nezakeen, baina amaierarik gabe erosketetan nenbilen horietako batean, izan zen atentzioa deitu eta zer pentsatua eman zidan zerbait.
Beti bezala eta beste asko bezalaxe (alferrik esango didazue ezetz), azken momentuan nenbilen falta zitzaizkidan gauzatxoak erosten. Imajina ezazue: denda txikia, jendez gainezka eta mostradorean, berriz, ordaintzeko ilara. Hantxe nintzen ni, ilara hartan, itxaron bitartean dendan gertatzen ari zenari begira.

Nahiko larri zebilen dendaria kobratu eta opariak biltzen, burua jasotzeko ere astirik gabe. Jendea, berriz, dendan bueltaka, zer erosi ezin aukeratuta. Eta hiru ume ere baziren, saltoka, geldirik egon ezinda. Txikienak zirudien, ordea, hiruetan bihurriena, tolestutako arropa guztiak banan-banan apaletatik lurrera botaz baitzebilen gustura.

“Txintxo, bestela neskak errieta egingo dizue!”. Panoramarekin konturatu baina pertxa hartako galtza bakeroei begirik kendu gabe, esaldi horixe izan zen ume haien amaren ahotik irten zena. Ez ziren geratu, noski, neska zen dendari hark errieta egin arte, behintzat, jarrai zezaketelako gaiztakerian. Horixe zen, azken batean, amak esan ziena.

Amak arropei begira jarraitzen zuen bitartean, dendariari aurpegian nabari zitzaion kezka eta ez zen harritzekoa, umeak denda hankaz gora jartzen ari baitzitzaizkion. Baina, zer egin behar zuen? Ume haiei errietan egin, amari zerbait esan, joan arte itxaron eta ondoren guztia jasotzen hasi, akaso…? A ze buruhaustea harena!

Guraso hark errazena egin zuen, bakeroak lasai ikusi eta probatu bitartean “marroia” beste batentzat. Azken finean, dendariaren gain jarri zuen umeen ardura guztia, gertatzen ari zenari jaramonik ez egin eta, gainera, dendaria bera tartean sartuta.

Guztiok izan gara umeak eta guztiok egin ditugu gaiztakeriak. Gabon garaian gaizki portatzean askotan erabiltzen diren bi esaldi hauexek datozkit oraintxe burura: “Olentzerok ikatza ekarriko dizu” edota “Errege magoek ez dizute oparirik ekarriko”. Zenbat aldiz erabiltzen ote dira esaldi mitiko hauek? Guk behintzat makina bat aldiz entzun izan genituen umeak ginela.

Esan beharra dut testu honekin ez diodala inori umeen heziketaren inguruko azalpenik eman nahi. Ikusitakoaren hausnarketa txiki bat egin eta nire ikuspuntua agertu nahi izan dut, besterik gabe.

Egia da azkenean dendariak jarri zuela ordena pixka bat kaos hartan. Guraso hark, ordea, egin zezakeen zerbait ume haiek geldiarazteko. Besterik ez bada ere, “Olentzerok ikatza ekarriko dizue” esaldi famatua erabil zezakeen seme-alabek denda osoa hankaz gora jarri aurretik. Saiatu zitekeen, behintzat. Ez dakit, dendari hari buruhausterik ez ematearren bederen…

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide