Ni ez naiz inor zuen etxeetara sartzeko, baina aukera hau eman didate eta horretarako aprobetxatuko dut. Berrogei egun eskas igaro dira Maxixatzen Euskaldunon Elkartekook antolatu genuen Geure Gelatik liburu azoka amaitu zela. Berrogei egun Elkarguneko Oteiza aretoa letren eta literaturaren gotorleku, erreinu bihurtu zela. Testuen, poesien eta ipuinen ekosistema izan zen hiru egunez.
Aurtengo edizioan gurekin izan ziren Uxue Alberdi, Amancay Gaztañaga, Ione Zuloaga, Yolanda Arrieta, Itxaso Martin eta Miren Agur Meabe. Sei protagonista, sei emakume. Beraien bizipenak, ideiak, sentimenduak, hausnarketak entzuteko plaza bikaina izan zen. Laburbilduz, azoka bikaina.
Azokaren amaieran Miren Agur Meabek testu eder bat oparitu zigun: 99 arrazoi irakurleari laudorio egiteko. Bai, banan-banan irakurri zizkigun arrazoi guztiak eta adin tarte guztietako irakurleak omendu nahi izan zituen, baita haurrak eta gaztetxoak ere.
Bada, gaurkoan, nik gure txikienei buruz hitz egin nahi dizuet eta beraientzat den literatura motaz, hau da, haur eta gazte literaturaz. Askotan gutxiesten dela iruditzen zait, ez zaiola merezi duen lekua ematen. Gertutik bizi dudan literatura mota bat da, egunerokoan oso presente dudana eta, horregatik, iruditzen zait batzuentzat ez dela benetako literatura, haur eta gaztetxoentzat idaztea ez dela benetan idaztea. Nik, aldiz, kontrakoa esango nuke; gaitasun eta trebetasun berezia behar dela izan haurrentzat eta nerabeentzat idazteko. Gainera, maisulan oso interesgarriak daude.
Trebetasun berezia behar da izan haurrentzat eta nerabeentzat idazteko
Berria-n duela aste batzuk udaberri honetako nobedadeen zerrenda etorri zen, argitaratzear dauden obra berriak. Eta hara! Zer sorpresa! Ez zegoen haurrentzako edota nerabeentzako libururik. Erraz esaten dugu gaztetxoek ez dutela irakurtzen, baina eskaintzen al diegu, erakusten al diegu zer aukera duten? Irakurtzea nahi dugu, baina helduok gozatzen al dugu liburuez? Agian hori da galdera eta hortxe dago koska. Erraza da helduok egiten ez duguna gure txikienei exijitzea.
Eta agian harrituko zarete, baina uste duguna baino gehiago irakurtzen dute. Nire ikasle batzuek klase tarteetan liburuak ateratzen dituzte irakurtzeko; liburutegi ondoan, eguzkitan, liburuez gozatzen ere ikusi ditut hainbat gaztetxo. Bai, irakurle finak dira. Behar dutena da beraientzako eskaintza ezagutzea eta gustuko irakurgaia aurkitzea. Horretan lagundu nahi dizuet eta plan zoragarri bat eskaini nahi dizuet: urriaren 10ean eta 11n Saran (Lapurdi) haur eta gazte literaturaren azoka izango da, Ikusi Mikusi azoka. Beraz, baduzue udazkeneko asteburu baterako hitzordu interesgarri bat.