Hainbeste ordu, zertarako?

Erabiltzailearen aurpegia Iosu Irizar Alberdi 2020ko urt. 18a, 10:00

Iosu Irizar Alberdik Maxixatzenen urtarrileko aldizkarian idatzitako iritzi artikulua: 'Hainbeste ordu, zertarako?'.

Abenduaren 3an, guztiok dakigunez, euskararen eguna ospatzen da urtero, baina bi egun beranduago ere badago nazioarteko egun bat, bestea bezain ezaguna ez den nazioarteko egun bat. Zein ote da? Zeren eguna ospatzen da abenduaren 5ean? 1985etik, Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita, Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatzen da egun horretan. Bai, ongi irakurri duzue, boluntarioen eguna.

Zer da, ordea, boluntario izatea? Ba ote dakigu ziur zer esan nahi duen? Boluntarioek komunitate edota norbaiten alde dohainik, norberaren erabakiz eta askatasunez lan egiten dute, eta gainera, ez dute egindako lanagatik dirurik jasotzen. Oso garrantzitsua da azken hori azpimarratzea; boluntarioek musutruk egiten dute lan, ez dute kobratzen, baina benetan jasotzen dutena, edozein soldata baina hobea da, eta benetan betetzen zaituen zerbait izan ohi da.

Bestalde, Berrian irakurri nuen artikulu batek zioen boluntarioak gizartearen makulu zirela. Erabat ados nago informazio horrekin. Boluntariotzarik gabe, gizarteko arlo asko desagertuko edota oso ahul geratuko lirateke. Zergatik? Boluntarioak beste pertsonei laguntzeko arloetan daudelako. Herrian bertan hainbat talde eta pertsona boluntario ugari aritzen dira askotariko pertsonen alde lanean: haurren eta gazteen alde, zailtasunak dituztenen alde, behar bereziak dituztenen alde, adinekoen alde eta abar. Herri honetan ere boluntarioek badute beren presentzia.

Hala ere, jende asko al da boluntarioa? Eusko Jaurlaritzaren arabera, biztanleriaren %13,4 aritzen da boluntariotza lanetan Euskadin. 2018ko datua da, eta igotzen ari da boluntarioen kopurua; izan ere, 2012an %8,6 ziren soilik besteen alde dohainik lan egiten zutenak. Beraz, suposatzen da biztanleriaren %13 gizartean inplikatzen dela eta konpromisoa eta ardurak hartzen dituela gainerakoen alde lana egiteko. Zortzi euskaldunetik batek egiten du boluntariotza lana, eta kalkulatzen da Euskadin, gutxi gorabehera, 242.000 boluntario daudela. Ondorioz, kontuan hartu beharreko taldea dela iruditzen zait.

Badakigu dezente direla, baina erraza al da boluntarioa izatea gaur egungo gizartean? Nire esperientzia propiotik ezetz esango nuke. Besteen aldeko lanak esfortzu handia eta denbora asko eskatzen du. Askotan, lanarekin eta bestelako kontuekin oso okupatuta bizi gara, eta ia ez dugu denborarik gure denbora libreaz gozatzeko. Bestalde, gizarte indibidualista honetan, bakarkako joera dagoen gizarte honetan, teknologiak kontrolatzen gaituen gizarte honetan, oso zaila da zerbaiten aldeko konpromisoa hartzea. Besteen alde lan egitea ez da ondo ikusten askotan edo hori egiten duen jendea inozotzat hartzen da; gizarte indibidualista honentzat oso arraroa da beste norbaiti ordu pila bat dohainik eskaintzea. 

Gizarteak ez du laguntzen boluntario izaten, ia denak kontrako baldintzak dira. Hala ere, jendeak denbora ateratzen du benetan betetzen duen hori egin ahal izateko. Ni neuk hamar urte daramatzat Alai Batza aisialdi elkartean boluntario lanetan. Hamar urte, ia asteburu guztiak haurren eta gazteen alde, beraiek aisialdi egokia izan dezaten… Denbora asko eskaini diot, eta gauza asko ere alde batera utzi behar izan ditut nire denbora librea haurrei eskaintzeko. Gizarteak galdetuko balit zergatik edo zertarako egiten dudan hori, ez naizela damutzen eta urte hauetan guztietan jaso dudan denak balio didala eta betetzen nauela nik erantzungo nioke; hori nahikoa da niretzat. Harro oihukatzen dut boluntarioa naizela.

Zuek besteen aldeko lana egitera animatu nahi zaituztet, boluntarioen bidez mundu hobea egin dezakegulako, gure inguruko egoera aldatu dezakegulako eta jende askori lagun diezaiokegulako. Bai, keinu txikiek mundua aldatu dezakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide