Honela zioen 2009. urtean Medikuntzako Nobel saria jaso zuen Drazio Varella onkologo brasildarrak: "Gaur egungo gizartean bost aldiz gehiago inbertitzen da gizonezkoen sexu ezaugarriak garatzeko eta emakumezkoentzako silikonazko sendagaietan, alzheimerraren sendabidean baino. Urte batzuk barru, titi handiko eta zakil gogorreko adinekoak izango ditugu, baina inork ez du gogoratuko zertarako balio duten".
Asko aldatu da gizartea azken hamarkadetan; asko aldatu dira gure ohiturak eta egunerokotasuna. Ez hori bakarrik, esango nuke asko aldatu direla balio eta lehentasunak. Azken hamarkadetan lanaldi malguagoak izaten hasi gara, aisialdirako, kontziliaziorako... denbora gehiago dugu. Aitzitik, teknologiei atxikirik bizi garenetik gure aisialdia murriztu egin dela deritzot; konturatu ere egin gabe ostu egin digutela.
Internet, streaming plataformak, sare sozialak... Agian, eta adin batetik aurrerakoei kostatu arren, onartzen hasi beharko genuke aipaturiko tresna eta baliabideak behar ditugula? Are gehiago, gure egunerokotasunean ezinbesteko tresna bilakatu direla? Badirudi gazteek argi dutela erantzuna. Gehienentzat aisialdia baino askoz gehiago direla ukaezina da. Etxeraino sartu zaizkigu, eta ezaguna da etxean zer ikusi, hura ikasten dela.
Argi dut, beraz, teknologia jada gure bizitzaren parte dela. Besterik da, haietatik jasotzen dugun informazio eta eduki kopuru andana iragazi, aukeratu eta erabiltzeko modua. Jakina da eskuko telefonoetara iristen zaigun edukiaren gehiengoa kanpotik datorkigula; ez dira bereziki gure inguruan eta gure hizkuntzan sorturiko edukiak. Horrek guztiak izan dezakeen eragina sumatzen hasiak gaude; sareetan "eredu" diren hainbatek gazteengan duten eragin zuzena bizitzen ari garela esango nuke. Ez dut uste egungo gazteek hainbat hamarkadatan edan izan den iturri berberetatik edaten dutenik, eta gaiari arreta berezi, propio eta zehatza eskaini behar diogula iritzi diot.
Saiatu beharko genuke iturri egokiak zeintzuk izan daitezkeen irakasten
Belaunaldi berriek erronka saihetsezin bat dute esku artean: azken bi hamarkadetan bizitzen ari garen esperimentu sozialetik onik eta zoriontsu ateratzea. Egunero erakusleiho batean murgildurik bizi dira, norberaren izaeraren gainetik itxurakeria saritzen den etengabeko oholtza birtual batean. Behin baino gehiagotan entzun izan diot gazteren bati esaten telefonorik gabe denbora tarte batean geratuko balitz, lagunik gabe egongo litzatekeela, haren ingurune sozialetik at. Beste modu batean esanda: sare sozialik gabe, lagunik gabe geratzea da. Argi dago, beraz, ezinbestekoak direla haien bizitzan. Agian, helduok saiatu beharko genuke iturri egokiak zeintzuk izan daitezkeen irakasten, edo gutxienez egokiak zein ez diren erakusten, aspaldi esana baita iturri gaziak ez duela ur gezarik ematen.
Eduardo Galeano idazle eta kazetari entzutetsuaren aipu batekin amaituko dut: "Hiletak hildakoak baino garrantzi handiagoa duen mundu batean bizi gara, ezkontzari maitasunari baino gehiago erreparatzen diogu eta fisikoari adimenari baino balio handiagoa ematen diogu. Edukia gutxiesten duen gizartean bizi gara; itxurakeriaren gizartean bizi gara".