Begiradapean

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza

Zumarragako Zelai Aristi antzokia. (Zelai Aristi)

Irene Elortza kolaboratzaileak maiatzeko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Begiradapean'.

Hiru ekitaldiko hausnarketa bat:

I

(Zumarraga, udaberriko arratsalde bat) Antzokiaren atzealdeko taberna zaharreko terrazan jarrita gaude, denbora-pasa, bat-batean ikusi dudanean. Handik ordubetera ikustera goazen antzezlaneko aktore nagusia da. Ala ez? Bai, bada. Baina ez dirudi bera. Lagunari ahopean komentatu diot, ordurako gure ondotik pasatzen ari delako eskuan paper mordo bat dituela. Antzezlaneko testua ei da eskuetan turuta bat eginda daramana antzokiaren inguruetan pasieran pentsakor noraezean bezala oinez doalarik. Lagunak ere duda egin du. Baina, bai, bera dela dirudi. Alberto da. Eskuak bizkarraren dituela dabil, astiro. Tinko helduta daraman testu hori Lorcak idatzitakoa izango da ziurrenik: Poeta en Nueva York.

II

(Zelai Aristi antzokiaren barrualdea) Jendea berandu samar dabil, baina azkenean antzokia goraino bete da. Iluntasuna gailendu da. Isiltasunari gehiago kostatuko zaio... Baina azkenean iritsi da une sakratua. Dena prest dago oihala igotzeko. Jazz musikariak ageri dira oholtza gainean. XX. mendeko Ameriketako Estatu Batuetara garamatzan musikarekin abiatu da ikuskizuna. Sarrera labur horren ondoren sartu da aktorea eszenatokira. San Juan handia. Sekulako presentzia du hiru piezako trajea jantzita. Dudarik ez dago. Bera da. Alberto San Juan da. Hainbat filmetan ikusi dudan interprete bikaina. Betiko aurpegia eta itxura ikusten dizkiot. Orduan, nolatan sortu zaigu zalantza gure ondotik pasatzen ikusi dugunean, hau da, gertuagotik ikusi dugunean?

Antzokian geunden ikusleon begiradak Alberto San Juanengan eragina izan balute?

III

(Han eta hemen) Eguneroko bizitzan gertakari ustez eztabaidaezinak daude. Horiek "egitateak" dira eta "errealitatea" deritzona osatzen dute. Baina zenbait ikertzailek, lehen aldiz, esperimentu batean frogatu omen dute maila kuantikoan ez daudela "gertakari objektiboak" eta errealitatea begiratzen duenaren mende dagoela. Hau da, teoria kuantikoaren arabera, gertaera baten behatzaileak eragina du gertaera hori hautemateko moduan. Kontzeptu horren arabera, partikulak elkarlotu eta aldatu egin daitezke, "nork" begiratzen dienaren arabera.

Eta antzokian elkartuta geunden ikusleon begiradek Alberto San Juanengan eragina izan balute? Denon artean eraldatu al genuen? Aktorearen begiradak gu aldatu al gintuen? Eta Federico Garcia Lorcaren begirada gardenak gau hartan denok aldatu bagintuen? 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide