(De)masa da

Erabiltzailearen aurpegia Irene Elortza 2024ko abu. 30a, 15:52

Irene Elortzak uztaileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honakoa: (De)masa da.

Demagun Neflix edo HBO edo dena delako plataforma horietako batek telesail bat grabatzen duela hemen inguruan eta Izarraitz modan jartzen dela. Irudika dezagun Juego de Tronos-en bederatzigarren denboraldian Xoxoteko puntan dragoiak arrautzak jartzen dituela edo CSI: Las Vegas telesailaren atal batean Grisson protagonistaren lehengusina euskaldunaren hilotza agertzen dela Marikutzeko putzuan, detektibeak hona bidaiatzen duela eta, bat-batean, milioika ikuslek deskubritzen dituztela gure paraje natural ederrak.

Hortik aurrerakoa, jakinekoa da. Asteburuero dozenaka auto iritsiko dira Madariagako aparkalekura. Denborarekin, ehunka karabana, auto eta autobus hasiko dira bertaratzen. Pilaketak, istripuak eta gaizki aparkatutako autoek eragindako intzidentziak ugarituko dira. Bertako jatetxeetan mahai bat erreserbatzea ia ezinezkoa izango da, sei hilabeteko aurrerapenarekin ez bada. Madariagako atsedenlekuan barbakoen kopurua esponentzialki haziko da eta, ondorioz, suteen arriskua neurri berean handituko da. Zaborrak eta zaratek ingurumenaren degradazioa ekarriko dute; animaliak uxatuko dira eta flora arriskuan jarriko da.

Hori guztia kontrolpean edukitzeko, TAO gunea jarriko da mendiko aparkalekuan; baita Azkoitian, Loiolan eta Azpeitian ere, non turismo masiboaren uhin hedakorra ailegatuko den, erremediorik gabe. 'Bertakoak' eta 'Residentes' delakoek tokia gordeta izango dugu, baina ez da nahikoa izango familia bakoitzean dauden hiruzpalau autoak etxetik gertu uzteko.

Nojan, Jakan, Saloun, Venezion, Bartzelonan... Inoiz egon ez denak bota dezala lehen harria

Pixkanaka, kanpotik datozen bisitariei mespretxuz begiratzen hasiko gara, konturatzeke. Nostalgiaz begiratuko diogu iraganari, 'masa-turismoa' turismo klasikoa eta kontrolatua zen garai idiliko hari. Izan ere, mugarik gabe hedatzen den eta herrietako eta beste lurraldeetako txoko bakoitza kontsumituz eta merkantilizatuz joaten den 'masifikazio turistikoa' delakoaren efektua larrutik ordaintzen hasiak egongo gara ordurako.

Plangintza baten beharra argi ikusiko dute herri-agintariek orduan (berandu). Plangintza bat egin asmoz, mahai sektoriala sortuko da eta bilerak, batzarrak eta txostenak egingo dira. Herrian geratzea amesgaiztoa bihurtu dela-eta ostirala, zubia edo oporraldia egokitzen den aldiro, autoa edo hegazkina hartu eta 'kanpora' joango gara. Deskonektatzera. Zeren, gu ez gara turistak.

Nojan, Jakan, Conil de la Fronteran, Saloun, Bartzelonan, Venezian... inoiz egon ez denak bota dezala lehen harria. Baina kontuz bota, benetako bidaiari bat jo eta zauritu gabe!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide