Paseatzera joatea ariketa lasaigarria izan daiteke, baita jarduera asaldagarria ere. Inguruko mendietara joan besterik ez dago eukaliptoak nola hedatzen ari diren ikusteko, eta ibilaldia pakean amaitu beharrean, amorruaren sua piztuta duzula bukatzeko. Sistiaga-Erreka, Larraskanda... dena eukaliptoz betetzen ari dira. Etxe-atarian jarriko diguten zabortegiaz (barkatu, "balorizazio planta") arduratuta gauden bitartean, sekulako sarraskia gertatzen ari da gure muturren aurrean.
EHUko eta Aranzadiko ikertzaileak (ez ekologista-itsu- susmagarriak) behin eta berriz esaten ari dira eukaliptoa ingurumenerako kaltegarria dela arrazoi ugarirengatik:
- Hosto pozoitsuak ditu.
- Nabarmen hondatzen dituzte errekak (eta akuiferoak): orbel gutxiago eta kalitate okerragokoa jasotzen dute.
- Animalientzat toxikoak dira, erreka inguruko onddoak eta ornogabeak kaltetzen dituztelako. Gainera, Galizian eta Asturiasen arazo larria dute eukaliptoa erasotzen duen kakalardo txiki batekin.
- Espezie sukoia da, hau da, su hartzeko arrisku handiagoa du (gogoratzen 2017ko udako Portugalgo suteekin?).
- Inbaditzailea da: arrotza delako, bere kasa hedatzeko arriskua duelako eta ingurumena kaltetzen duelako.
- Ustiaketa intentsiboaren ereduak bioaniztasunari eragiten dio (kalterako, noski): eukaliptadiak matarrasaz mozten dira (zuhaitz guztiak batera), eta oso maiz. Matarrasek kalte handia egiten dute, errekak lokazten eta bertako bizidunentzat baldintzak okertzen dituzte.
- Ustiapenerako egiten diren pista trinkoek, matarrasekin batera, lurzoruaren galera eta erreken lokaztea areagotzen dute.
- Eukaliptoa zabaldu ahala bertako zuhaitzak ordezkatzen baditu, espeziak galduko dira.
'Basque Green Deal' eta antzerako maniobra ustez modernoak salduko dizkigute gero
Baina guk maite ditugu maite gure bazterrak, eukaliptoaren usain gozoak bihotzik ez duen diru zakarraren kiratsa ezkutatzen duenean. Ez dugu ezertxo ere ikasi intsinis pinuaren xingola marroiaren gaitzarengandik, ezta baso-ustiaketa intentsiboaren ondorioetatik ere. Ez erakunde pribatuek ezta ekoizle pribatuek ere ez dute gogoeta sakonik egin, epe motzeko onura ekonomikoa jasotzen duten txostenekin nahikoa dute eta. Eta, bitartean, eukaliptoz estalitako azalera ia bost aldiz biderkatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken hiru hamarkadetan.
Salduko dizkigute gero Basque Green Deal eta gutxi batzuen negozioa zuritzeko balio duten antzeko maniobra ustez modernoak, baina hemen eliteei gustatzen zaien berde bakarra diruarena da.