Iñaki Petxarroman kazetariak idatzitako Ezezagunerako bidaia: Mundua, klima eta ekologia krisian (Jakin-Elkar, 2020) liburua ekartzeko asmoa nuen lerro hauetara. Barkatuko didazue. Ez dira garai onenak larrialdi klimatikoaz hitz egiteko, pentsatuko du norbaitek, nahikoa daukagu pandemiarekin... Baina liburuak bestelako hainbat gai ere lantzen ditu: ingurumena, historia, ekonomia, larrialdi ekologikoa, baita Euskal Herriko politikak ere. Planeta norabide ezezagunerako bidaian abiada bizian doan honetan, lema hartu eta ondo gobernatzeko denbora iritsi da. Eta denbora gutxi daukagu. Izan ere, Petxarromanek frogatzen duen bezala, jakin bagenekien aspalditik horrela jarraituz gero amildegirantz gindoazela, nahiz eta ezikusiarena egin.
Eta liburua eta islatzen duen etorkizun beltza (edo etorkizun eza) digeritzen ari nintzela, zinemara joan nintzen. Eta nire bizitzako pelikularik gogorrena ikusi nuen: For Sama. Waad al-Kateabek Alepoko (Siria) setioan bost urtez grabatutako dokumentala da hori. Gerra bere krudeltasunean erakusten du filmak, ordu eta erdiko kontakizun gordin baten bidez.
2011. urtean, altxamendua hasi zenean, 18 urteko Ekonomiako ikaslea zen Waad. Medikua den lagun batekin maitemindu zen, ezkondu eta ume bat izan zuten: Sama. Leku seguru batera ihes egin edo gerrako biktima errugabeei laguntzeko geratu, erabaki larri horri aurre egin behar izan zioten orduan. Bere haurrarekin bertan geratzeko erabakia hartu zuten eta, bere inguruan bonbak erortzen ziren bitartean, kamera hartu eta lekukotza jasotzen hasi zen.
Gerraren ikuspegi erreal bezain basatia eta krudela erakusten du dokumentalak. Baina albistegietan ez bezala, pertsona horiek izenak dituzte, familia bat, etxea, entzun beharreko istorio bat, bizitza duina... Horregatik, haien bizitzak ezagutzen hasten zarenean, gerra hitzak beste dimentsio bat hartzen du. Bonbak erortzen direnean beldurtu egiten zara. Eta pertsonak zauritzen dituztenean asaldatzen zara. Eta haiek maite dituztenak hiltzen ikusten dituztenean, haien etsipena senti dezakezu.
Mortero hilgarri bakoitzak mundu bat ezabatzen du. Horrek ez dauka itzulerarik. Amildegia oinen azpian irekitzen zaio biktimari. Denbora gelditu egiten da, eta ez dago bigarren aukerarik. Mundu bat bukatzen da aldi bakoitzean.