Mendebaldeko imajinario kolektiboan barneraturik dago arrainek memoria laburra dutenaren ideia. Interneten begiratuz gero, badira sinesmen honetan sakontzen duten hamaika kazetaritza lan, akademiak sobera baztertu badu ere.
Bizitzako arlo gehienetan gertatzen den bezala, susmoa dut ez ote garen honetan ere arraina baino arrainago. Memoriatik ezabatu ditugu konfinamendua, itxitako lantegiak, ZIUak jendez lepo, eta igo gara normaltasun berriaren olatura. Haurrak zein irakasleak egunean sei orduz hirurogei zentimetro koadroko arrainontzian sartuta, autobus eta trenak aulkien jokorako eskenatoki, unibertsitateetako fakultateak inurritegiak diruditela, anbulatorioetako aurrez aurreko zitak loteriako sarien zerrendan eta erakundeak oro har udako oporretan.
Baina tira, itsaso zabalean igeri egin baino beti izan dugu nahiago oasiko aintziran plisti-plasta jatorrean jardutea. Grebak edo manifestazioak beti une desegokian suertatzen zaizkigu, aldaketa politikoak ezegonkortzaile. Eta bitartean ura bare-bare, arrantzalea egun pasa lasaian eta gu amua askatzeaz beldur.