2020. urtea amaitu (eta ahaztu) aurretik, Bigoterik Gabea taldearen K-Baret lanaz gozatzeko aukera izan nuen. Antzerki talde honen aurreko lanak diren Rise And Shine eta Shine again ikusi gabe gelditu nintzen, zoritxarrez. Orain, haien azken lana ikusi ostean, handiagoa da aurreko eskaintzak ezin ikusi izanaren pena.
Abenduko egun hartan, Azpeitiko Soreasu antzokia Baztartxo bilakatu zen, ikus-entzule ia guztiak azkoitiarrak ziren. (Bide batez: noiz utzi behar diete gazte hauei beren herrian antzezten? Herriko kultur eragileak ezin badira babestu, gero alferrik da diskurtso merkeekin etortzea. Ulertu behar duenak ulertuko duelakoan, besarkada bat).
Antzezlana hasi bezain pronto, konturatu nintzen apustu ausart baten aurrean nengoela. Urte asko daramatzat antzerki amateurrean, eta badakit bidean aurkitu daitezken zailtasunak zenbatekoak eta nolakoak diren. Ez dituzu talde profesional batek dituen baliabideak, parte hartzen duen jendeak pasioagatik edo "hobby" gisara hartzen du dena. Beraz, 30 pertsona inguruk parte hartzen duten K-Baret erronka handia iruditu zitzaidan ikusle gisan. Baina talentua dagoenean, erronka handienak ere gainditu daitezke.
Ikuskizunaren hasieran, Aitor Aierdik egiten du ongietorria, Cedric-en paperean. Hasteko, haren lan ona azpimarratu nahi nuke. Ez da erraza narratzailearen rola betetzea, eta zenbait lanetan soberan egon daiteke. Kasu honetan, baina, Aierdiren lana txukuna da, eta obran egiten dituen ekarpenak ondo daude, gehiegikerian erori gabe.
Behin ongietorria jasota hasten da antzezlana. Pertsonaia zaparrada dator. Ez da inoiz erraza izaten hainbeste pertsonaiarekin trama kantitatea ondo neurtzea. Baina kasu honetan, Xabier Barkerok eta Kari Alberdik lan ona egin dute gidoia idazterakoan. Trama asko daude, bai, baina narrazioa dinamikoa da, eta publikoak garbi jasotzen du pertsonaia bakoitza zer egoeratan aurkitzen den. Baliteke batzuetan (eta hau gidoilari gisan esaten dut, nahiz eta gaur kritikariz mozorrotu naizen) informazioa gehiegi errepikatzea... Hau da: gidoilariok badugu joera gauzak errepikatzeko, ikus-entzuleari esan nahi dioguna garbi uzteko asmoarekin edo, pertsonaien akzioak ikustearekin nahikoa denean. Baina garbi utzi nahi dut detaile txiki horrek ez duela emaitza zapuzten.
Ezin baita zapuztu. Obrak irauten dituen bi orduak hegan pasatzen dira, pertsonaien arteko tirabirak musikako piezekin txandakatzen diren bitartean. Antzezlana eramangarria izatearen meritua ez da musikarena bakarrik, ordea. Aktoreen lana maila oso onekoa da (bereziki nabarmendu nahi nituzke June Urain eta Idoia Aginagalde, besteei meritua kendu gabe, noski). Antzerki amateurrak beti sufritu izan du aurreiritzi krudela, eta askotan espero izaten da aktoreen maila ez dela oso ona izango. Poza ematen dit K-Baret obran aurreiritzi hori birrintzen duen horrenbeste jende ikusteak.
Amaieran, beraiek konposatu-tako eta idatzitako K-baret abestiak hunkitu egiten du bat. Eta teloia ixten denean, zutik jarrita txalo egitea beste erre- mediorik ez du ikus-entzuleak. Zorionak, bihotz-bihotzez, Bigoterik Gabea taldea osatzen duzuen guztioi!