Egoera honetan

Itziar Albizurik azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Egoera honetan'.

PCRa, berrogeialdia, pandemia, birusa, maskara, konfinamendua, epidemia, infektatua, gel hidroalkoholikoa, asintomatikoa, koronabirusa, distantzia soziala, FFP2a, FFP3a, COVID-19a, deseskalada, immunitatea, ldi baterako lana erregulatzeko txostena, beldurra, telelana... Hainbat teknizismo eta hitz ikusi nahiz erabili ditugu azken hilabete hauetan. Batzuk aditu ere egin dira. Egunerokoan, ahotik kendu gabe ditugu hitzok. Hausnarketa txiki bat eginez, goazen hitz horiek aldatzera: esperantza, bizitza, gizakia, laguntasuna, kooperazioa, hausnarketa, maitasuna, enpatia, irribarrea, poza, autogestioa eta eztabaida. Beharrezkoa dugu aldaketa hori egitea. Egoera honek, dakigun bezala, aldaketak ekarriko ditu, ez osasun arloan bakarrik, baita egitura sozialean eta ekonomikoan ere. Askotariko aldaketak, onak zein txarrak. Beldurra sentitzea zilegia eta librea baldin bada ere, ezin dugu sentimendu hori gure barnean errotu. Bestalde, gure sentipen edo pentsamendu desberdina dutenekin ere ezin dugu lehia bizian jardun. Historian zehar ikusi dugun bezala, “pentsamolde bakarra” ez da lagungarria, eztabaidak eta ikuspegi desberdinek beti onurak ekartzen baitituzte. Egoera gogorretan aurkituko gara, baina aurrera egin beharko dugu modu eraikitzailean arlo sozialean, ekonomikoan zein osasun eremuan; elkarreragin zuzena dutelako hiru arloek.

Orain, gainera, udazken eta negu sasoian egoera areagotu daiteke. Urtaro hauen argitasun ezak, ilusio eta esperantza faltara bultzatzen gaituzte. Horren aurrean, kanpo neurri orokorrak ahaztu gabe, berebiziko garrantzia izango du bakoitzak geure osasuna zaintzeak. Hona horretarako proposatutako urrats batzuk:

  • Oinarrizko eta sasoiko elikagaiak kontsumitzea: barazkiak, potajeak, frutak, haziak, fruitu lehorrak, kalitatezko proteinak…
  • Lehengai naturalak erabiltzen dituzten kosmetika eta garbiketarako produktuak erabiltzea, hau da, kontserbante, kolorante, silikona, aditibo, parabeno, eta antzerako osagairik gabeak.
  • Ariketa fisikoa egitea; ahal den heinean, aire zabalean.
  • Artikulazioen flexibilitatea bermatzeko eta mantentzeko yoga, pilates edota antzeko jardueraren bat egitea.
  • Garapen pertsonalerako eta osasun mentala zaintzeko meditazioa egitea. - Umorea erabiltzea, egoera latzenen aurrean.
  • Sendabelarrak eta olio esentzialak erabiltzea ditugun patologiak ez areagotzeko. Zirkulaziorako, hamamelisa eta indigaztainondoa; immunitatea estimulatzeko, bakterizida eta antibiral gisa edota airea garbitzeko Ravensara olio esentziala.
  • Olerkia eta musika, arima goxatzeko.
  • Hitz egin, sentimenduak adierazi eta azaleratu.
  • Elkarren zainketa eta babesa, egoera honek ekarriko dizkigun osasun behar eta behar ekonomiko eta sozialen aurrean.
  • Helduak eta haurrak beldurrean ez hazi, hezi eta zaindu.

Ados gaudenetik abiatuko gara urruntzen gaituenera hurbiltzeko ondo iruditzen al zaizu? (Maite Arrarteren olerkia)

Itoitz taldeko abesti batek zioen bezala, "berriz izango gara zoriontsu edozein herriko jaixetan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide