Gogoan dut izena erabaki genuenekoa. 1996ko udaberria zen. Aldizkaria itxura hartzen ari zen eta izen bat behar zuen. Lekutan zeuden gaurko marka zein marketin estrategiak. Gutxienekoa ez, baina garrantzitsuena ere ez zen izenarena guretzat, ezta hurrik eman ere. Azkoitiko euskalkitik ekarritakoa eta eskuartean geneukan proiektuaren jardunarekin zerikusia zuena. Harilkatu beharreko ideiak horiek ziren. Taldekide batek proposatu zuen Maxixatzen, amari entzun ziolako, eta ia eztabaidarik gabe, tokiko kazetaritza euskaraz jorratzera zetorren hedabidearen goiburuan huraxe geratuko zen iltzatuta, gaur arte. Baita aldizkariari aterpea emateko ondoren sortuko zen euskara elkartearenean ere.
Xume, oso xume ekin genion. Euskara sustatzea genuen bokazio, eta herri aldizkaria zen horretarako tresna. Baliabide gutxi, baina ametsetan kabitu ezinda bezala genbiltzan. Ordutik, abaila batean handitu da proiektua, baita hartu beharreko erabakien pisua ere. Herri komunikabidearen historian hizki larriz nabarmenduta geratuko direnen artean, zalantzarik gabe, UKT kooperatibara batu ginenekoa dago. Ezin esan erabaki erraza izan zenik. Baina, asmatu genuen, asmatu genuenez. Denbora ari da erakusten Maxixatzen gaur produktu hobea dela, profesionalagoa, eta langileen baldintzak, duinagoak. Begirada epe luzera jarrita duen euskarria, finean. Gure txikian geratuta, hori ezinezkoa zatekeen.
Ia etxekonean, Debagoienan, aspaldi egin zuten tankerako bidea. Tokiko kazetaritzan erreferenteak dira, beti aurretik, eta honetan, ere bai. Badira urte mordo bat Aretxagazeta, Arrasate Press, Berrigara, Ze barri, Kontuola, Txirritola eta Goibekokale hedabide bakarrean batuta eta Goiena markaren aterkipetik aritzen direla berriak zabaltzen. Hurbil-hurbiletik, dena euskaraz.
Gurera ere heldu da marka bakarraren gaineko gogoeta. Hizki larriz gordeko dugun beste bat. UKT osatzen duten hedabide guztiek (Maxixatzen, Uztarria, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza eta Erlo) Guka izena hartuko dute aurrerantzean, horretan aditu direnek hala aholkatuta. Beste behin, ezin esan eztarrian korapilo txikia sortu ez zaigunik. Baina bidean aurrera egitea dagokigu, molde eta behar berrietara egokituta. Bagoazen seinale da hori. Narratiba berriak sortu, eraldatzaileak, etorkizuneko hedabideen norabidea zehazteko, misioa ahaztu gabe. Horretara dator Guka. Izenak izen, izana delako hemen balio duena.
Eta euskara aspaldiko oldarraldirik handiena pairatzen ari den honetan, ez dezagun ahaztu euskarazko prentsa dela askok eta askok euskaraz irakurtzen duten bakarra.