Kultur hiriburutza leihoaren atzealdetik

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2016ko uzt. 28a, 11:08

Donostiak Europako kultur hiriburu izateko erronkari heldu zionetik, urte erdia igaro da. Kulturaren eta bizikidetzaren erakusleiho omen den horren atzean, dozenaka lagunen artean, bi azkoitiar ari dira lanean: Ana Zubizarreta (Azkoitia, 1978) eta Irene Elorza (Azkoitia, 1972), Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen bidelagunak biak. Herrigintzan eskarmentu handia dute, baina, oraingoan, ur handiagotan dabiltza.

 

Zein egiteko duzue Donostia 2016ko lantaldean?


Irene Elorza: Otsailean hasi nintzen lanean, Alderdi Ederren jarri duten informazio gune berrian. DSS2016 kultur hiriburutzari buruzko informazioa eman eta sarrerak saltzeaz gain, turismoaren inguruko informazioa eta zerbitzuak ere eskaintzen ditugu bertan.


Ana Zubizarreta: Diru laguntzen zuriketaz eta administrazioko ohiko gaiez arduratzen naiz, saileko beste lankideekin batera


Zer da kultur hiriburutza?


I.E: Kultur hiriburu izatea aukera paregabea da kulturari ohi baino baliabide gehiago emateko. Eta ez naiz ari diruaz bakarrik: jendearen parte hartzeak, sinergiak sortzeak, bide berriak jorratzeak eta hori guztia elkarlanean egiteak ondare aberatsa uzten du herri batean.


A.Z.: Bi norabideko errepidea da; gure kultura Europan zehar eta haratago zabaltzeko aukera eta, aldi berean, beste herrialdetakoa geurean izatekoa. Hemengo kultura, bizimodua, hizkuntza eta abar elkarbizitzarekin lotuta zabaltzea da oinarria, baina ezin dugu ahaztu proiektu asko beste herrialde batzuetako bestelako proiektuekin lotuta daudela. Europatik kanpoko herrialde askorekin ere badugu nolabaiteko trukea.


Lortu al du herriarengana iristea?


I.E.: Irudipena daukat bi fenomeno gertatzen direla hemen: batetik, egunero antolatzen diren hamaika egitasmotan parte hartzen duten herritarrak daude; eta, bestetik, ekitaldi esanguratsu eta mediatikoenez bakarrik enteratzen diren herritarrak daude. Batzuek esfortzua egiten dute informazioa eskuratzeko, eta besteek dena eskura nahi dute. Hiriburutzaren proiektua hain da handia, hainbeste egitasmo ditu, oso zaila baita guztiongana iristea. Esan nahi dut, komunikazioan akatsak gerta daitezke, baina kontuan hartu beharra dago hartzailearen jarrera ere: ikusle edo kultur kontsumitzaile hutsak garen ala bestelako interesa daukagun.


A.Z.: Hori nik uste gizarteak esan beharko duela, baina, nire ustez, proiektuek gorputza hartzen duten heinean, gizarteko hainbat segmentutara iristen ari gara, eta bakoitza gustukoa duen txokoa aurkitzen doa.
Liskarrerako erabili dute gaia politikariek.


I.E.: Elkarbizitzaren inguruan harilkatu da proiektu osoa, eta elkarbizitzaz ari bagara, jakin beharra dago kritikak jasotzen eta, behar denean, baita egiten ere. Neurrian, ordea.


A.Z.: Bai. Mediatikoki, zenbait gauzak zarata handia atera dute. Pena da, egunero bertan lanean ari zarenean nolabaiteko frustrazioa sentitzen duzu eta. Horrek proiektuari itzala egiten dio, baina taldea lanean ari da lan proiektu handiak zein txikiak aurrera ateratzeko.

 


Zer kultur eredu ari gatzaizkio munduari erakusten?


I.E.: Gu garen horren isla bat. Mosaiko bat bezala ikusten dut nik: pieza txiki askok osatzen dute, gaien aldetik, diziplinei dagokionez, norbanakoak, taldeak, tokian tokikoak, proiektu txikiak, handiagoak, abangoardiakoak, tradizionalak… Denek dute tokia eta denek osatzen dute irudi bat. Batzuk, agian, gehiago nabarmentzen dira, baina denak dira ezinbestekoak. Beste galdera da ea gustatzen zaigun irudi hori eta zein hutsune dituen, eta zergatik.


A.Z.: Euskal Herrikoa. Horrek ez du esan nahi soilik euskal kultura tradizionala erakusten denik. Era guztietako diziplinak jorratzen dira. Hainbeste proiekturen artean, mota guztietako kulturak du bere lekua. Kultura hitza aipatzen dugunean, kultura bere zentzu zabalenean hartu behar dugu, gizarteko atal denak kontuan izango dituenean.


Herri kulturak, txikien kulturak, ba al du tokirik?


I.E: Bai, eta oso garrantzitsua. Egitaraua ikusi besterik ez dago: ‘Hondar Artean’, ‘Olatu Talka’, ‘Break a Leg!’, ‘2016 Bidea’, ‘Beste hitzak’ eta antzeko hamaika egitasmo daude programatuta.


A.Z.: Bai, badirudi proiektu handiek osatzen dutela hiriburutzako programa, batez ere, medioetan horiek dutelako sona, baina hainbat eta hainbat proiektu daude mota guztietako herri elkarteen elkarlanaren bidez garatzen ari direnak. Lehen esan dudan bezala, mota guztietako eta tamaina guztietako proiektuek osatzen dute hiriburutza.


Eta euskarak?

I.E: Nire arloan behintzat, komunikazio eta informazioan, bai. Erabiltzen eta banatzen dugun informazio osoa elebiduna da, eta langile guztiak gara euskaldunak.


A.Z.: Hizkuntzarekin lotutako proiektu zehatzak garatzen ditugu, eta, horrez gain, besteak beste Euskaltzaleen Topagunea, Kontseilua, Mintzola eta Etxepare Euskal Institutua erakundeekin ari gara lanean. Lantaldeak euskaraz lan egiten du, eta proiektu denetan euskararen erabilera bermatzen da.


Zer utziko dio hiriburutzak Donostiari?


I.E.: Beste hiri askotan azpiegiturak eta eraikin dotoreak utzi ditu kultur hiriburutzak, baina hemen beharrik ez zegoen, eta ondare ez-material bat uzteko ahaleginean dabil proiektua. Uste dut lortuko dela hiriko hainbat eragileren arteko harremanak sendotzea, lanerako bide berriak sortzea, hausnarketarako guneak finkatzea eta kulturari bultzada ematea.


A.Z.: Oro har, ezagutza. Esan bezala, interesa izan duen edo duen edonork eta parte hartu duenak edo hartzen ari den horrek gustuko txokoa aurkitu du, eta bere ideiak besteekin partekatzeko gunea topatu du kulturaren adar desberdinei esker. Norberaren esku dago hiriburutzak eskaintzen dituen geruzen barna murgiltzea. Hau da, nik proiektua tipula baten moduan ikusten dut: hainbat geruza ditu, eta norberak erabakitzen du noraino sakondu. Beharbada, niretzat arte erakusketa bat ikustea nahikoa da, baina beste batentzat, berriz, erakusketarekin batera antolatutako mintegia ere interesgarria izango da, eta ekarpenak hantxe egingo ditu beste parte hartzaileekin batera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide