Lurdes Imaz: "Guraso parte hartzaileak nahi baditugu, horien prestakuntzan inbertitu behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2016ko mai. 27a, 08:00

Euskal Herri osoko eskola publikoetako gurasoen kezkak eta proposamenak kudeatzen ematen du eguna Lurdes Imazek (Azkoitia, 1973), eskola publikoa ardatz duen hezkuntza sistema baten alde. Kazetaritzan lizentziaduna, Bilbon bizi da azken urteotan; 1997an BIGE Bizkaiko Guraso Elkarteen federazioan komunikazio lanak egiten hasi zen, eta, egun, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzailea da. Lanik ez zaio falta. Besteak beste, LOMCE legea eta Heziberri plana ditu mahai gainean, eta kezkatuta dago batak zein besteak euskal hezkuntza sisteman izan ditzakeen ondorioak direla eta. Ikastetxeetako erabakietan gurasoen esku hartzea sustatu behar dela dio.

Zer da EHIGE? Zein du egiteko nagusia?
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea da. Bost federaziok osatzen dute –Bizkaiko BIGE, Arabako Denon Eskola, Gipuzkoako Baikara, Gipuzkoako Eskola txikiak eta Iparraldeko Ikas-bi–. 500 guraso elkarte baino gehiago ordezkatzen ditu, eta egiteko nagusia Euskal Eskola Publikoko gurasoen interesak defendatzea da.


Zuk esana da hau: “Gurasoek eskolako erabakietan esku hartze handiagoa dutenean, ikasleek emaitza hobeak dituzte”. Gurasoek behar beste esku hartzen al dute eskolako erabakietan?
Hori esaten dute aditu eta ikerketek. Beharrezkoa da parte-hartze mailak bereiztea: gauza bat da informatuta egotea, eta beste bat erabakietan parte hartzea. Gurasoen esku hartzea sustatu behar dugu erabakietan. Badaude bideak. Eskola publiko guztietako eskola kontseiluetan dute ordezkaritza gurasoek, eta Lehen Hezkuntzan gehiengoa dira. Kontua da informazioa eta formakuntza behar direla parte hartzea efektiboa izateko. Horretan aritzen gara gu, baina askoz laguntza handiagoa behar da erakunde publikoen aldetik. Guraso parte hartzaileak nahi baditugu, horien prestakuntzan inbertitu behar dugu.


Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planari kezkaz begiratzen diozue. Hari mutur asko ditu, baina azkenaldian harrabotsa sortu du, besteak beste, ikasleen banaketa ekitatiboaren aferak. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak onartu berri du ezin asmatu ari direla etorkinen seme-alabak hezkuntza sare guztian, publikoan zein itunpekoan, era egokian txertatzeko ahaleginean.
Guk Heziberri planari buruz esan dugu ez dela ona eskola publikoarentzat, ez dituelako jasotzen etorkizunerako klabeak diren gaiak; horien artean, bi sareek ikasleak eskolaratzeko orduan duten ardura partekatua. Eta hemen dator azken egunetan asko entzuten ari den etorkinen seme-alabak eskolaratzearen kontua. Gai hau herririk herri aztertu dugu, eta gehien arduratzen gaituen kontua da etengabe handitzen ari dela sare publikoaren eta sare kontzertatuaren arteko oreka ikasle horiek eskolaratzerakoan. Horrek ondorio larriak izan ditzake, bai ikasle horientzat, bai gizartearentzat. Hori dela eta, neurri konkretuak proposatu dizkiegu Administrazioari eta alderdi politikoei.


2013ko abenduan, Espainiako Kongresuak LOMCE legea onartu zuen. Euskal eskola publikoko komunitate osoa eta gizartearen eta politikagintzaren gehiengoa kontra agertu dira, baina indarrean dago jada; neurri batzuk martxan dira, eta beste batzuk martxan jartzear. Zertan dago egoera?
EAEn, LOMCE jadanik aplikatzen ari da Lehen Hezkuntza osoan, DBHko 1. eta 3. mailetan, Batxilergoko lehen mailan eta Lanbide Heziketan. Kontu batzuk oraindik argitu gabe daude eta hala jarraituko dute Madrilen gobernu berria eratu arte; horien artean, DBHko eta Batxilergoko errebalidak.


Curriculum zentralista, errebalida azterketak, Eskola Kontseiluen eskumenen murriztea, Oinarrizko Lanbide Heziketa, ibilbide goiztiarrak... Zeintzuk dira martxan diren aldaketa nagusiak?
LOMCE eta Eusko Jaurlaritzak egin duen Heziberri desberdindu behar ditugu. Heziberrik jasotzen ditu LOMCEren eduki batzuk, lehenago aipatu dudan bezala
–Oinarrizko Lanbide Heziketa, irakasgaien aldaketak, Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako azterketak…–, baina beste batzuk ez –Eskola Kontseiluen eskumenen murriztea, ibilbide goiztiarrak…–. Errebalidek zentralizatuko dute curriculuma, Madrildik ipinitako azterketa gainditu beharko baita DBHko eta Batxilergoko titulua lortzeko, baina, esan bezala, oraindik argitzeko dago kontu hori.


Hala ere, LOMCEren kontrako batasuna ahultzen joan den irudipena dago; kontrako ahotsak isiltzen eta mobilizazioak gelditzen ari ote diren. Elkarte bezala, nabaritu al duzue hori?
Nik uste dut desinformazioa dagoela eta kontuak nahastu egin direla. Jaurlaritzak sinetsarazi nahi digu ez dela LOMCE aplikatzen ari, baina hori ez da egia, lehenago esan dudan bezala.
Bestalde, LOMCEren kontrako diskurtsoak beste diskurtso batzuekin nahastu dira, eta hor banaketak gertatu dira: batzuek uste dugu eskola publikoak hezkuntza sistemaren ardatza izan behar duela, eta beste batzuek ez dute hori hain garbi esaten.


Etxerako lanak, guraso askoren buruhauste. EHIGEk horren inguruko iritziak jaso eta gogoeta egin du. Zer dio?
Bai, inkesta bat egin dugu eta oraintxe amaitu dugu txostena. Laster jakinaraziko ditugu emaitzak eta egingo ditugu proposamen eta eskaerak. Uste dugu ikastetxeetan hausnarketa egin behar dela gai honen inguruan; hezkuntzan beharrezkoa da gure praktikak etengabe aztertzea.


Eskola publikoa eta laikoa aldarrikatzen du EHIGEk. Geroz eta laikoagoa al da euskal eskola publikoa?
Gero eta familia gutxiagok eskatzen dute Erlijioa; beraz, bai. Hala ere, orain kontuak aldatu egin dira Heziberrirekin. Lehen bazegoen aukera curriculuma emateko, inork ez bazuen Erlijioa eskatzen maila berean; orain, berriz, derrigorrez Baloreak izeneko irakasgaia eman behar da, LOMCEk derrigortzen duelako. Ez hori bakarrik; Batxilergoko 2. mailan ere, eskaini egin behar da Erlijioa. Horrek ez du zentzurik.


Jangelen kudeaketa propiorako proiektu pilotuak abiatzeko eskatu diozue Eusko Jaurlaritzari. Zertan datza proiektu pilotu hori?
Gaur egun ikastetxe publiko guztiak catering bidez kudeatzen dira; ikastetxeak ezin du enpresa aukeratu, ezta aldatu ere, gurasoek kostu osoaren bi heren ordaintzen dituzten arren. Egoera horrek, besteak beste, ez du aukerarik ematen bertako produktuak, sasoikoak eta ekologikoak sartzeko jantokietan. Guk eskatzen duguna da ikastetxe bakoitzak erabaki dezala nola kudeatu nahi duen bere jantokia –catering bidez, beste erakunde publiko batzuen bidez edo autokudeaketaren bidez–, eta bila daitezela moduak bertako produktuak sartzeko eskola publikoetako jantokietan. Baina jantoki publikoak nahi ditugu, erakundeen babespean daudenak; ez dugu jantoki pribaturik nahi.


Zer-nolako hezkuntza sistema nahi du EHIGEk?
Eskola publikoa ardatz duen hezkuntza sistema. Europako herri aurreratuenek eskola publikoan oinarritzen dute euren hezkuntza sistema, eta EAEn bitan banatua dugu, horren aldeko politikak egin baitira. Horrek ez dio onik egiten gizartearen kohesioari. Nafarroan pisu handiagoa du eskola publikoak, eta Iparraldeko familien %70ek eskola publikoa aukeratzen dute seme-alabentzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide