Noiz joan zinen lehen aldiz Nepalera? Zergatik Nepal?
2004an joan nintzen lehenengo aldiz. Ordura arte, nire lagun batek eta biok Europan zehar egin genituen bidaiak furgonetan, eta, gehientsuena pasatuta geneukanez, saltoa ematea pentsatu genuen, iragarki bat ikusi ondoren. India eta Nepal agertzen ziren iragarki horretan. Horrela animatu ginen. Ordura arte, Nepal mendizaleekin lotzen genuen lurralde bat zen, eta India, berriz, lurralde handi eta txiro bat. Bidaia hura taldean egin genuen; guztiz antolatutako bidaia bat zen. Bueltan, Nepal gosez gelditu nintzen.
Zer aurkitu zenuen Nepalen?
Bidaia hark zerbait mugiarazi zidan barrenean. Internetez hasi nintzen Nepali buruzko informazioa bilatzen, eta ikusi genuena baino gehiago jakin nahi nuen herrialde hartaz eta herrialde hartako herritarrez. Konturatu nintzen Nepal bisitatu genuela, baina ezer askorik ez genuela ikusi eta ezagutu. Hango jendeak erakarri nau, batez ere. Orain, hango lagun asko ditut, eta arrazoi horrek berak ere behin eta berriz joatera bultzatzen nau.
TDHF [The Direct Help Foundation] erakundea ere ezagutu nuen; haurrekin eta emakume alargunekin lan egiten duen fundazioa da. Toni Aguilar kataluniarrak zuzentzen du erakundea, eta elkar ezagutzen dugu. Pixkanaka proiektu horretara lotzen joan naiz.
Gainera, gaur egun, 2010etik, nepaldar bat gure etxean bizi da, eta haren sendiarekin harreman sendoa dut: Gaindakot herrikoa da, Chitwan hiritik oso hurbil dagoen herri txiki batekoa, eta arrazoi potoloa da hori Nepal bisitatzeko. Orain ez naiz turista bat bezala ibiltzen, herrikide modura joaten naiz.
Apirileko lur astinduaren ondotik, milaka lagun kale gorrian bizi dira Nepalen, etxoletan.
Eta orain, apirilean izandako lurrikararen ondotik, zer aurkitu duzu?
Nepalek azken urteotan arazoak bata bestearen atzetik ditu. Apirileko lurrikararen ondoren, astinduak utzitako hondamendiaz gain, Indiaren blokeo ikaragarria ari da sufritzen. Hemen ezer gutxi dakigu hango egoeraz.
Apirileko lurrikarak suntsituta utzi du herrialdea, lehenaz gain. Kathmandun, adibidez, turismo gune gehienak apurtuta daude. Durbar Square ere, adibidez, guztiz suntsituta dago: han zeuden tenplu guztiak piper hauts eginda daude. Egia da, hala ere, aurrez inoiz izan ez denak ez duela oso nabarmen ikusten lurrikararen eragina. Bestalde, orain, inoiz baino gehiago, haur eta emakume trafikoaz kezka handia dute.
Lurrikarak oihartzun handia izan zuen hedabideetan, baina azkar desagertu da nazioartearen agendatik.
Beti gertatu ohi den moduan, Nepalgo kasuan ere gauza bera gertatu da; astebete edo bi asteko kontua izan zen hangoa. Hala ere, hemen, Euskal Herrian, mendizaleengatik-edo, tarteka zerbait entzuten da: agian, neuk dudan interesagatik izango da, baina hango herriekin lotuagoak gaudelako irudipena dut. Hango lagun batek hau esan zidan: “Pello, bizi-tzako proiektu osoa bi minutuan pikutara joan zitzaigun; egindako guztia joan zaigu, eta orain berriro hasi behar, berriro lurrikara batek
astinduko gaituen beldurrez”. Jende askoren istorioa da hori.
Oraintxe bertan zeintzuk dira Nepalen lehentasunak? Zein alorretan dute beharrik handiena?
Indiaren blokeoaren ondorioz, arazo nagusia, une honetan, sendagaien eskasia da. Janaria ere geroz eta gutxiago dute dendetan. Lurrikararen ondorioz, gobernuz kanpoko erakundeak, tartean TDHF, negua datorrenez, mantak eta jantziak banatzen ari dira Kathmandun. Toldopean eta burdinazko txapapean bizi dira asko eta asko. Arazo asko daude: sendagaiena, janariarena, hotza ere ate-joka dute… Gatazka ia denetan bezala, emakumeen eta haurren egoera da okerrena.
Zuek laguntza sare bat josten hasi zineten berehala Euskal Herritik.
Azken urteotan Euskal Herrira nepaldar asko etorri da bizitzera; horietako asko Goierri aldean bizi dira, Eibar inguruan ere bai. Lurrikararen ondorioz, berehala saretu ginen teknologiari esker, eta hainbat egitasmo lantzen hasi ginen poliki-poliki, Nepalera laguntza bideratzeko.
Hala ere, irribarrerik galtzen ez duen herritarra omen da nepaldarra.
Bai, hala da, dituzten arazo guztiak izanda, irribarrea dute, eta alaitasuna. Gizartea oso jatorra eta irekia da. Dena emateko prest daude, edonor etxean hartzeko prest, beti. Joaten naizen bakoitzean ezagutzen dut jende berria, eta guztiek beren etxera eraman izan naute, eta noski, behin etxera joandakoan, Nepalgo tea hartu gabe ezin daiteke etxetik atera inondik inora, eta, gehienetan, bazkaldu edo afaldu gabe ere ez. Ni, jada, Gaindakoteko gautamdarren etxean bertako seme bat gehiago banitz bezala hartzen naute. Gure etxean, Azkoitian, bizi den gautamdarra ere gure amak semetzat du, eta etxeko beste guztiok ere bai; familiako beste kide bat da guretzat. Gautamdarren etxean nagoenean, Pello Gautam izenez bataiatzen naute.
Zer irakatsi dizu Nepalek?
Batez ere, gauzak partekatzen erakutsi didate, ondasunak konpartitzen ezeren truke. Gure ondasunak, edozer motatakoak izanda ere, partekatzen ez baditugu munduak bere horretan jarraituko du: txiroak gero eta txiroago eta aberatsak gero eta aberatsago izaten.
Herri musika aberatsa duen herrialdea da Nepal. Horrek ere erakarriko zintuen?
Bai, egia da. Gurean bezala, herri musika eta folklore oso aberatsa eta askotarikoa daukate han. Eskualdeka bereizten dira; herrikoak, mendikoak, hirikoak... Hango autobusetan, eguneko ordu guztietan, herri musika entzuten da, eta beraiek asko maite dute hori. Gazteek ere, bestelako musika estiloak entzun arren, musika tradizionala ere asko entzuten dute. Maite dute euren herri musika.
Datorren urteko bidaia prestatzen hasia izango zara.
Orain, lan asko daukat hemen, eta geroago hasiko naiz prestatzen. Dena dela, ez dut prestatzeko behar handirik izaten. Han etxean bezala sentitzen naiz eta sentiarazten naute.