Jose Ramon Lete 'Traki': "Eragindako oinazea sendatzea posible da, baina alde guztien borondatea behar da"

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Alberdi 2016ko urt. 14a, 11:10

1980an alde egin zuen Azkoititik Jose Ramon Lete Alberdi Trakik (Azkoitia, 1961). 19 urte zituen. Hogei urtetik gora ihesean eman ondoren, 2001eko abenduaren 21ean atxilotu zuten, Frantzian, ETAko kide izatea egotzita. Preso eman dituen azken hamalau urteotan La Santeko, Fleuryko eta Lannemezango espetxeak ezagutu ditu. Azken horretan dago egun, etxetik 250 kilometrora. Datorren urteko ekainean beteko du Frantziak ezarritako zigorra. Espainiak preso azkoitiarra estraditatzeko bi eskaera egin ditu, eta biak onartu dira.

 

1980an alde egin zenuen herritik. Nola gogoratzen duzu orduko Azkoitia?

Maiatzaren 17a zen, larunbata, eta lagunak atxilotu zituztela abisatu zidaten. Momentu horietan ez duzu denborarik galtzen zer egin behar duzun pentsatzen, eta berehala atera nintzen etxetik. Gero, egunak pasatu ahala, atzean utzitakoaz gogoeta egiten hasten zara; etxekoak nola sentituko diren, lagunak… Bihotza ukituta geratzen da.

Orduko Azkoitian eragin handia zeukan erlijioak, eta herri oso elizkoia zen. Herri lasaia zen, oro har, baina garai hartako gazteek bazituzten kezka politikoak. Gogoan ditut eliza atzean egiten ziren bilerak; hogei lagunetik gora elkartzen ginen Euskal Gazte Abertzaleen Mugimenduaren inguruan. Frankismotik “atera berriak” ginen, eta bazegoen mugimendua.


Ordutik, urte asko ihesean, 2001ean atxilotu zintuzten arte.
Bai, eta urte horietan guztietan erabat galdu nuen herriarekin, lagunekin eta etxekoekin nuen harremana. Hasiera batean, urtean behin edo bi aldiz ikusten genuen elkar, baina, ondoren, urte asko egon ginen elkar ikusi gabe. Espetxeratu nindutenean hasi nintzen, berriro, herriko berriak jasotzen eta etxekoekin eta lagunekin harremana sendotzen. Asko poztu nintzen herriko gazteak mugitzen zirela jakitean; ezagutzen ez nituen gazte askok izena eman zuten ni bisitatzeko eta ordutik, jende asko ezagu-tzeko aukera izan dut bisitetan. Tamalez, askok ez dute lortu bisita baimenik.
Etxekoekin ere harremana espetxean sendotu dut. Esan bezala, lehen urtean behin ikusten genuen elkar, eta orain, berriz, sarriago egoten gara elkarrekin. Telefonoz ere astero elkarrekin hitz egiteak asko laguntzen dit.


Sakabanaketa politika ezagutu eta jasan duzu. Nola bizi izan duzu egoera hori?
Euskal preso politikoontzat oso gogorra da sakabanaketa politika, batez ere gure senide eta lagunei eragiten dielako; bisiten aurreko eta ondorengo egunak oso gogorrak dira guretzat, joan-etorrietan arriskua hor dagoelako beti. Datuak hor daude: 16 senide hil dira errepideetan, eta zaurituak ere asko dira. Politika hiltzailea da, eta hori ezin da ukatu. Hala ere, hildako eta zauritutako horiek ez dituzte inoiz biktima bezala aitortuko. Meritu handia dute gugana astebururo datozenek. Hemendik, kartzelatik, eskerrak eman nahi dizkiet guztiei.

Hasiera batean La Santeko espetxean egon nintzen, eta ondoren Fleuryn: espetxe horiek Euskal Herritik 900 kilometrora daude, gutxi gorabehera. Orain, Azkoititik 250 kilometroa nago, Lannemezango kartzelan.
Nola ez, bisitek kezka handia sortzen diguten arren, oxigenoa ere ematen digute. Lagunekin eta senideekin egotea arnasa da guretzat, eta oinazeak ere desagertu egiten dira bisitekin.


Zenbat euskal preso zaudete Lannemezango espetxean?
Beste bost euskaldunekin nago espetxean: Didier Agerre xiberotarra, Iñaki Esparza nafarra, Joseba Segurola azpeitiarra, Frederik Haranburu baionarra eta Ibon Fernadez Iradi lasartearra. Azken horren egoerarekin oso kezkatuta gaude: gaixotasun larria du, esklerosi anizkoitza, eta haren eguneroko bizimodua ez da erraza, gaitz hori ez delako bateragarria espetxeko baldintzekin. Bi mediku txosten bidali zaizkio epaileari egoeraren berri emanez, baina kartzelan jarraitzen du. Beste era bateko presoa izango balitz, kalean legoke.


ETAk egitura armatuak eta logistikoak desegiteko erabakia hartu zuen 2011n. Frantziak eta Espainiak erakundea desegiteko eskatzen diote talde armatuari. Egoera ez atzera ez aurrera dagoela uste dute herritarrek.
Estatuek ez dute eman pausorik, eta emateko asmo askorik ere ez dute erakusten. Horretarako inongo presiorik ere ez dute jasotzen, eta eroso sentitzen dira egoera honetan. Lehen, borroka armatua gelditzeko eskatzen zuten, biolentziarik gabe gauzak lortzea posible zela esanez. Orain, desegitea da eskaera, eta gero zer izango da? Hemen benetako bakea lortzeko aukera dago eta aukera horri inork ez lioke utzi beharko pasatzen.

Gatazkaren ondorioetan korapilatu nahi gaituzte, egia beraiena bakarrik izango balitz bezala. Gure esku dago horretan ez erortzea, kalea piztuz, herri mugimendua sendotuz eta presio mekanismoak martxan jarriz.


Memoria, eragindako minaren aitorpen eta konponbidea. Posible al da gatazkak eragindako oinazeak sendatzea?
Bai, posible da eragindako oinazeak sendatzea, baina horretarako beharrezkoak dira alde guztien zintzotasuna eta borondatea. Gaur egun, ezker abertzalearen bizkarrean jarri nahi dute erantzukizun guztia, eta hori ezin da horrela izan, inondik inora. Euskal Herrian, indarkeria ETA sortu aurretik zegoen. Hemen gatazka politiko bat dago, eta hori konpontzeko borondatea behar da.


Presoen aldeko herri ekimenek sentsibilitate politiko ezberdinak batzea lortu dute. Iristen al zaizue berotasun hori?
Argi dago kalean indarra egon badagoela. Indar horiek askatu, kudeatu eta eraginkorragoak nola bilakatu asmatzen jakin behar dugu. Lehen esan bezala, presioa areagotu beharra dago era iraunkor batean.
Gure herrian presoen alde egiten ekimenen berri jasotzen dugu; telefonoz, bisitetan eta gutunen bidez. Argazkiak erakusten dizkigute eta informazioa jasotzen dugu. Benetan pozgarria da sentsibilitate ezberdinetako jendea hor ikustea, bat eginda. Ea ba, alderdi batzuetako buruzagiek ere horrelako pausoak ematen dituzten. Dena errazagoa izango da, guztiontzat.


Etorkizunari nola begiratzen diozu?
Datorren urtean amaituko dut Frantziako espetxealdia. Dena dela, Espainiak eginak ditu bi estradizio eskaera, eta biak onartuak izan dira. Beraz, ekainean Madrilera eramango naute. Kezkaz begiratzen diot etorkizunari, baina itxaropena galdu gabe.

 

HITZ BITAN:

Gertakari historiko bat:
2011ko urriaren 21a, ETAk armak utzi zituenekoa.


Erreferente politiko bat:
Katalunia.


Idazle bat:
Kirmen Uribe.


Abesti bat:
Benito Lertxundiren “Txori txikia”.


Liburu bat:
“Sé fuerte, Lucia” (Marie José Basurcorena).

Herri bat, Txoko bat:
Gurea, Izarraitz.


Amets bat:
Bakea.

'Traki', 18 urte zituenean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide