Izan, izan, denok ditugu edo guztiak ditu aurpegi bat baino gehiago, baina ikusi edo erakutsi, ez dira denak ikusten edo erakusten.
Gure herriak ere, Fermin Muguruzak aipatzen zuen borreroak bezala, baditu milaka aurpegi, baina gaur ere ia beti bezala jantzita dator: grisez. Euria, laino itxia, kale hutsak eta iluntasuna. Egunak joan, egunak etorri, horrela datorrenean, gure aurpegiek ere argitasuna galtzen dute.
Mikel Laboak zioen maite zituela maite gure bazterrak lanbroak ezkutatzen zizkionean. Ba nik gorroto haut, gorroto, hori abesten entzuten haudan bakoitzean.
Azkoitiarrok zakelak omen gara. Nik sugandilen antz handiagoa dugula esango nuke. Odol hoztuta gaude eta eguzkia irten orduko arrapaladan joaten gara Plaza Berrira, plazara edo Zurt atzeko malekoira gozo-gozo epeltzera. Ilbeltzetik ilargi betera pasatzen da herria. Ez didazue ukatuko bizipoza ematen ez duenik Plaza Berriko terrazak jendez Beteta rabak jaten ikusteak. Edo plazan fondoko hiru eskailerako harmailak gurasoz beteta ikusteak, umeak iskanbilan, baloi, pilota, bizikleta eta abarrez plaza aztoratzen duten bitartean.
Ez da, ordea, eguraldia soilik gure aurpegi ezberdinak azalarazten dizkiguna. Ilargiak bezala, guk ere zikloen arabera nabarmen itxuraldatzen dugu aurpegia. Oporrak, asteburuak eta astegunak. Ez daukat azaltzerik goizean goiz lanerako jaiki, leihotik begiratu eta ilunpetan euria farola laranjen argipean ikustean senti dezakedan tristura. Egun berean arratsaldeko zazpietan, aldiz, bizitza zoragarria dela pentsa dezaket.
Bide batez aipatu nahi nuke azkoitiarrok geure ordutegiak txintxo-demonio errespetatzeko daukagun zorroztasuna. Koadrilako baten neska-lagun eibartarra Azkoitira bizitzera etorri zenean, arratsaldeko zortzietan puntuan, jendea automaten moduan ia agurrik esan gabe etxeratzen zela ikustean, aho bete hortz gelditzen zen. Azkenaldian, pintxo-poteak min handia egin du zentzu horretan.
Astegunetan bazkaldu ordubatean eta afaldu zortzietan. Asteburutan bazkaldu ordubi eta erdietan eta afaldu bederatzietan. Esan beharra dago asteburuetan galarazita dagoela arratsaldeko zazpiak baino lehen kalera irtetea. Gehienez jota seiak. Arratsaldeko lauretan Plaza Berritik gora kale erditik bazoaz oesteko pelikuletako protagonistetako bat bezala senti zintezke. Etxeko leihoetatik ezkutuko begiradak nabari zenitzake. Ni besoak pixka bat zabalduz eskua gerrialdera hurbiltzera iritsi izan naiz eliz ataritik John Wayne azalduko ote zaidanaren beldurrez, desafio baterako. Ordu horretan Suedian grabatutako pelikulak botatzen dituzte telebistan. Kuriosoa da pelikula horietan erakusten diguten Suedia ere. Suedian film horietan bezalako eguzkia egingo balu, belztu ederra edukiko lukete, euren gazta kolore zuriaren ordez. Horiek ere beste aurpegi bat erakusten.
Euskal alderdi nazionalistek zerbait egin beharko lukete, siestarako ohitura espainiar hori gure kulturan gailendu ez dadin. Ez dakit, erromeria arratsaldeko lauretan Balda plazan edo horrelako zerbait. Euskal telebistako ziklismoko etapen emankizunetako helikopteroaren hotsak ere ez du asko laguntzen.
Gorbeiako artzainak dioenez, udarak ez omen du makillatuko gure herriaren bere ohiko kolore grisa. Beraz, erakutsi ezazue zeuen aurpegirik onena Facebook edo Instagramen beste nonbaiteko eguzkiak argiztatuta.