Hausterre

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Etxaniz 2016ko api. 21a, 15:00

Ez dakit gaur egun egiten den edo ez, baina lehen behintzat ikastolatik elizara eramaten gintuzten hausterre egunez; hau da, inauterietako asteartearen ondorengo asteazkenean, garizumaren hasiera adierazten duen egunean hain zuzen. Dirudienez, irakasgai garrantzitsu bat ikasteko eramaten gintuzten. Nik behintzat ez dut inoiz ahaztu On Inazio apaizak orduan esan zidana.

Hatz potoloa hautsez zuela, bekokian gurutzearen zeinua egin zidan indartsu, hau esanez: “Hautsa zara eta hauts bihurtuko zara”. Eta kito. Hori da hori umiltasun irakasgaia. Momentuan hautsa baino gehiago sentitzen nintzen, baina argi utzi zidan egunen batean hauts bilakatuko nintzela. Eta hauts izatetik banantzen ninduen gauza bakarra zegoela konturatu nintzen: denbora, besterik ez. Denbora mugatua eta iraupen ezezagunekoa.


Noski, denbora bakarrik dugu, baina gauza asko egiteko baliabidea da. Eta, behin bizi behar dugunez, denbora hori ahalik eta ondoena aprobetxatzea izan beharko genuke helburu, desiratutako zoriontasunaren mesedetan.


Ba, bizi filosofia izan beharko lukeen hori gure gizarteko errealitatetik urrun xamar dagoela iruditzen zait.
Ostirala noiz iritsiko, horrela pasatzen dugu astea. Eta asteak eta hilabeteak, berriz, Gabonetako, Aste Santuko eta udarako oporraldia noiz iritsiko zain. Asteko zazpitik bost eta urteko hamabitik hamaika azkar pasatzea nahi.


Izatez, egun guztiak dira berdinak, luzeago edo motxago, baina aspalditik datorkigu, nola ez erlijioa dela medio, lanegunen eta jaiegunen arteko bereizketa neurrigabe hori.


Eskerrak gutxienez aurreko belaunaldiekin alderatuz ordu kopuruak gutxitu egin diren. Batzuek honezkero pentsatu dute dauzkagun aurrerapenetara iristeko beharrezkoa dela lan hori guztia. Agian bai, agian ez. Zer da bizi kalitatea? Ditugun aurrerapenek ematen digutena, aisialdirako denbora izatea? Baliteke, beti bezala, erantzuna orekan egotea.


Nonbait irakurri nuen, historiako liburuek gaur egun bizi ditugun garaiak, lanera zuzenduriko gizarte gisa ikusiko gaituztela. Eta ez ongizatera zuzenduriko gizarte gisa. Ikerketa batzuen arabera, hogei orduko lan asteek hainbat onura ekarriko lituzkete: langabezian, haur eta helduen zainketan, jasangarritasunean, etab.
Pepe Mujika Uruguaiko presidente ohiak dioen bezala, ez gara konturatzen zerbait erosten dugunean ez dugula diruarekin erosten, diru hori irabazteko gastatu edo xahutu dugun denborarekin baizik.


Gogoeta pixka bat egiteko, aski ezaguna den arrantzalearen pasadizoa dakarkizuet:

Enpresa gizon batek arrantzale bat ikusi zuen kaian, arrantzatu berri zituen arrainekin. Enpresa gizonak galdetu zion zenbat denbora behar izan zuen arrain horiek harrapatzeko. Denbora gutxi behar izan zuela erantzun zion hark. Orduan, galdetu zion ea zergatik ez zuen gehiago arrantzatu, eta arrantzaleak erantzun zion nahikoa zuela bere familiaren beharrak asebetetzeko. Enpresa gizonak, harriturik: “Eta, orduan, zertan ematen duzu gainerako denbora?”. Arrantzaleak: “Haurrekin jolasten naiz; ondoren, bazkaldu eta andrearekin siestatxoa egin, eta gauean, lagunekin ron pixka bat edanez, gitarra jotzen dut”. Enpresa gizonak: “Gehiago arrantzatuko bazenu, barku handiagoa erosi ahal izango zenuke; ondoren, inbertitu eta barku gehiago erosi ahalko zenituzke, eta flota bat osatu; ondoren, esportatzen hasi, eta 15-20 urteren bueltan izugarrizko enpresaren jabe zinateke, eta, akzioak salduz gero, aberats milioiduna”. Eta arrantzaleak: “Eta orduan, zer?”. Enpresariak: “Orduan? Orduan erretira zintezke, eta haurrekin jolastu, andrearekin siesta egin, gitarra jo…”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide