Arbola zaharreko kimu berriak

Erabiltzailearen aurpegia Gurutz Garmendia 2015ko aza. 11a, 17:16

Abiada biziko gizarte batean bizi gara. Dena azkar eta segituan egin behar da progresoaren izenean, eta ziur aski gizarte egitura horrek izango dittu bai, bere alderdi onak ere, baina belaunaldiz, belaunaldi jasotako ohittura zaharrak, galtzeko zorian dauzkagu.

Gure aittitte-amamen bizi egitura eta usadioak galzorian daude, eta askoren ustez, alferrikakoak izan arren, geure uste apalean, oso kontuan hartu beharreko ohitturak dira. Esaera zahar batek dio, nora goazen jakin ahal izateko, nondik gatozen jakin behar dugula, eta irizpide horixe kontuan harturik, Sustraiak bizirik kultur elkartea sortu dugu. Bertako sinesmen zaharrak guztiz desagertu aurretik, azken hondarrak berreskuratu eta zabaltzera eramatea da osatu berri den elkartearen zeregina. Baina, zer dira eta nondik datoz sinesmen zahar hauek? Bi hitzetan esateko, gure aurrekoek garatutako usadio, ohittura eta sinesmenak dira, eta herrialde bakoitzak bereak dauzka. Hor daude, Egiptoko, Greziako edo Erromako sinesmen zahar edo mitologiak, eta euskaldunok, badauzkagu geureak.


Denak dira garrantzitsu, denak kontuan hartu beharrekoak, baina herrialde bakoitzak bertakoa lantzea ere garrantzitsua da, eta juxtu euskaldunena, ez da ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Hainbat dira, orain arte jorratutako lan ildoak eta bat aukeratzekotan, Joxemiel Barandiaranena aukeratu behar. Berau izan baitzen, galzorian zeuden sinesmenak jaso, gorde eta zabaltzera eraman zituen gizon handia, eta bere lanak euskal mitologiako nolabaiteko itun zahar bilakatu dira. Ez zen bakarra izan, hortxe daude baita ere, Caro Baroja, Azkue edo Satrustegi, baina ataundarra izan zen zalantzarik gabe erreferentzi nagusia. Berari esker berreskuratu zen euskaldunen antzinako indar sortzaile kosmikoaren izena eta izana, Marirena alegia, eta bereak dira euskaldunen jatorri aurreindoeuroparreko lan ildo nagusiak.

Dena dela, euskal sinesmen zaharrak orokortasun bat mantentzen badute ere, aldatuz doaz, herriz herri, euskera bera bezalaxe eta horrek zera eskatzen du, tokian tokiko ikerketa sakonak egitea. Denok dauzkagu buruan Aralar bezalako toki mitikoak edo Anbotoko Dama, baina zer dakigu Azkoitti eta Urola erdiko sinesmen zaharrez? Ba norbaitek bestelakorik pentsatu arren, oso-oso aberatsa da gure alderdia kontu horietan eta azken hondarrak oraintxe bertan ez badira jasotzen, betirako galduko zaizkigu epe motzean. Ez da erraza, hain lerro gutxitan, Mariren garrantziaz hitz egitea, baina Barandiaranen lan ildoak jarraituz, Amalurraren irudia izango zen antzinako euskaldunentzat, indar sortzaile handia litzateke eta lauburua izango luke bere bihotza. Bikotasunean oinarritzen baitira euskal sinesmen zaharrak. Lauburuak ezkerrera egiten duenean, bizitza esan nahiko luke eta alderantziz egiten duenean, eskubira alegia, heriotza. Eta geure alderdian berriz, Mariri, erabat tokian tokikoa denez, Amuteko Damie deitzen omen zioten, eta bere senarrari berriz, Majue. Ostiraletan elkartzen omen ziren, Amuteko Damie eta Majue Izarraizko tontorretan, eta bat egiten zutenean, izugarrizko trumoi eta kazkabarrak izaten omen ziren alderdi hauetan. Bestalde, horrez gain esatea komeni da, sinesmen zahar horiei buruzko interesa areagotu nahian, emakume handi baten itxuran ikusten zutela Azkoitian Amuteko Damieri eta burua, iletargi betearena zuela. Hor ibiltzen omen zen egun berezietan, Baldatxo aldetik, Juinerako bidean airean hegaka, eta beste batzuetan, berriz, bere lagun ziren lamiez inguratuta egoten omen zen.


Arestian aittatutako ildoari jarraituz, nondik gatozen jakin behar, nora joan behar dugun jakitteko, eta irudikapen hori arbolen bitartez gertatzen da. Horiek, giza seme-alabek bezalaxe, sustraiak, enborra eta adarrak dauzkate, eta guk di-ttugun gorputz atal berdin berdinak. Gure etorkizuna izango diren adar sendo eta ederrak botatzeko, geure jatorriak ezagutu behar, eta aittitte-amamen jakituria bertan behera galtzen uzten badugu, ez dugu inoiz lortuko ganorazko adarrak botatzerik. Eta zeregin horretan gabiltza gutxi batzuk azkeneko urteetan. Juan Bautista Mendizabal eta biok ibili ginen Azkoittiko Mari izan daitekeen Aizpuruko Dama edo sorginari buruzko ikerketak egiten, ondorio benetan interesgarriak jasoaz, eta beste zenbait komunikabideren artean, Maxixatzenen erreportajea argitaratu zen. Bestalde, Josu Arrieta eta bion artean, “Urola aldeko kontu eta komerixek” eskualdeko sinesmen zaharretan oinarritutako ipuin bilduma atera genuen orain dela gutxi. Orain, lanketa horiei jarraipena eman eta zereginean sakontzeko, Sustraiak bizirik kultur elkartea osatu dugu.


Zabal-zabalik daude kultur elkarteko ateak, gure aurrekoen sinesmen zaharrak maitte dituzten herritar guztientzat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide