Ez da kirol ezaguna bola-jokoa, baina Azkoitian badira zaletasun horren bueltan elkartzen diren dozenaka lagun. Floreaga bolo taldeko kideak dira horietako hainbat, eta izen bereko auzoan dagoen bolatokia dute topagune. Talde txikia izan arren, ondo pasatzeko eta probetan lehiatzeko prest izaten dira hango bolariak.
Aurki mende laurdena beteko du Floreaga bolo taldeak. Izan ere, zortzi lagunek 1996. urtean eratu zuten taldea, eta egun sorrerako kiderik ez badago ere, sasoi onean dago; taldeko hamabi bolari daude federatuta, eta horiek hainbat txapelketatan lehiatzen dira urtean zehar, betiere Hiru Txirlo modalitatean. Gipuzkoakoak eta Euskadikoak dira egutegian gorriz dituzten lehia nagusienak. Martxoaren 7an hasi zen Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketaren 51. edizioa, eta guztira, 11 jardunaldi jokatuko dituzte hainbat txokotan, nahiz eta egoera berriagatik ez dakiten noiz. Gainera, azken-aurreko jardunaldia herriko bolatokian jokatuko dute aurten, maiatzaren 30ean. Behin Gipuzkoako txapelketa amaituta, Euskadikoa hasiko da, urriaren 17an.
Taldeko kideek adierazi dutenez, duela hamarkada batzuk arte ohikoagoa eta ezagunagoa zen Hiru Txirlo modalitatean aritzea, eta horren adibide da Gipuzkoako eta Bizkaiko baserri "askok" eduki ohi zuela atarian kirol horretan jokatzeko bolatokia. Zaletasunari eutsiz, boloen inguruan interesa zuten hainbat lagun elkartu eta taldea sortzea zein Floreagan bolatokia eraikitzea erabaki zuten duela mende laurden: "Auzotar askok lagundu zuten bolatokia egiten; guztien artean eraiki zuten", adierazi dute kideek. Ordutik, herriko bolariek han egiten dituzte entrenamendu saioak, eta astean behin biltzen saiatzen dira horretarako. Arratsaldean elkartu eta "txirlo batzuk botatzen, barre eginez eta ondo pasatuz" igarotzen dute tartea.
Herriko bolatokia Floreagan kokatzen delako edo, hasieratik auzoari lotutako taldea izan da Floreaga. "Floreagako festetan ere antolatzen dugu bolo txapelketa, eta herritar batzuek hara joateko ohitura izaten dute. Baina, oro har, gurea ez da talde ezaguna, eta boloen inguruko ezagutza handirik ere ez dute askok".
Diziplina eta lehiakortasun sutsua baino, lagunarteko giroa eta ongi pasatzea lehentasunezkoak dira Floreagako bolarientzat, eta horren adierazle da inguruko taldekideekin duten harreman "sanoa". Dena den, lehia ez dute alboratzen, eta zentzu horretan, txapelketetan "gerra" ematea gustatzen zaie: "Gure helburua da saltsan egotea, eta ahal bada, irabaztea; azken hori lortzea, ordea, zaila izaten da, txapelketetan 80 bolari baino gehiago lehiatzen baikara". Talde txikia eta "berrienetakoa" izanagatik, ordea, Euskadiko eta Gipuzkoako bost txapel dituzte bakarkako modalitatean. Taldeka, berriz, datozen txapelketetan lehenengo postua eskuratzea dute helburu; gainontzean, bide beretik jarraitzeko asmoa dute, gutxienez, beste 25 urtez.