Venezuelan jaio zen Patricia Gonzalez, eta orain bost urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera. Azkoitian handik denbora batera egin zen ezagun, Galipan taberna zabaldu zuenean, 2019an. Euskara ikasteko balio izan dio lantokiak Patriciari. Bezeroekin ahal duen guztietan euskara erabiltzen ahalegintzen da, lehen hitza bai, bederen. Egunero ari da hitz edo esamolde berriren bat ikasten, eta aberastasun horrekin oso pozik dago. Belarriprest rolarekin hartuko du parte Euskaraldian —azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da— eta hamaikakora batu da. Euskaraz dakiten guztiei berari euskaraz egiteko gonbidapena egingo die, euskara ulertzen duela adieraziz eta berarekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuz. Hau da utzi duen mezua: "Egunero euskaraz zerbait berria deskubritzen dut".
Azken kide berri honekin, hamaikakoa osatuta geratu da: Igor Zubeldia, Paki Fernandez, Iban Garate, Firdaus Mohammed Awal, Julen Alberdi, Ixabel Jauregi, Adrian Chohan, Olvido Hernando, Jon Elorza, Naia Arrizabalaga eta Patricia Gonzalez.
Hitzez ekiteko garaia da lelopean egingo da aurtengo Euskaraldia, eta hizkuntza erabileran eragitea xede duen ariketa kolektiboan parte hartzera deituta daude 16 urtetik gorako euskal herritarrak. Norbanakoen izena emateko epea zabalik dago, eta parte hartu nahi dutenek online eman ahal dute izena, Euskaraldiaren webgunearen bidez.
Horrez gain, aurrerantzean Azkoitian antolatutako ekitaldietan ere horretarako aukera jarriko da. Euskaraldiaren hirugarren edizioan ere mota guztietako entitateek (elkarteak, enpresa handiak, taldeak, dendak, federazioak…) parte hartuko dute arigune-en bidez. Arigune-etan (euskaraz lasai aritzeko guneak) herritarrek ariketa taldean egiteko aukera izango dute. Azkoitian, aurten, 50 arigune eratu dira, iaz jarritako erronka beteta —2020an 32 izan ziren—.
Euskaraldiako Azkoitiko hamaikakoa
Igor Zubeldia, Realeko jokalaria (Ahobizi)
Paki Fernandez, BM supermerkatuko kutxazaina (Belarriprest)
Iban Garate, aurkezlea eta aktorea (Ahobizi)
Firdaus Mohammed Awal, AEK-ko ikaslea (Ahobizi)
Julen Alberdi, Txikia IV.a aizkolaria (Ahobizi)
Ixabel Jauregi, euskaltzalea (Ahobizi)
Adrian Chohan Madinabeitia, Udaltzaina (Ahobizi)
Olvido Hernando, Mintzalaguna (Ahobizi)
Naia Arrizabalaga, Bertsolaria (Ahobizi)