Errigorako saskien banaketa, bihar eta etzi

Erabiltzailearen aurpegia Errigora 2020ko aza. 28a, 18:12

Errigorako saskiak iritsi dira Azkoitira. Banaketa asteazkenean eta ostegunean —abenduaren 2an eta 3an— egingo da, udalak Azoka Plazan duen lokalean.

Errigorako saskia eskatu zuten herritar guztiek, asteazken goizean, abenduak 2, eta ostegun arratsaldean, abenduak 3, pasatu beharko dute kaxa jasotzera Azkoitiko Udalak Azoka Plazan duen lokaletik.

Banaketarako ordutegia honakoa izango da:

  • Abenduaren 2an, asteazkena, 11:30etik 13:00etara.
  • Abenduaren 3an, osteguna, 18:00etatik 19:30etara.

Oraindik ordaidu ez dutenek, saskia jasotzean egin beharko dute.

Banaketa lanak errazteko, eskaera egin dutenei egun eta ordu horietan bertaratzea eskertuko genieke.

Sasi guztien gainetik elkartasuna nagusitu da, eta inoizko baldintza gaiztoenetan inoiz baino ekarpen handiagoa bildu dugu euskalgintzarako: 302.000€

Eskatu diren 16.000tik gora saskien balioaren %25ari dagokio ekarpen horren zati handiena, eta Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskarari hauspoa ematera bideratuko da. Zonaldeko ikastolen, euskaltegien eta hezkuntza publikoko D ereduko taldeen aldeko dinamiken lana indartzera. Baita Agerraldia egitasmo berrira ere. Baina aurten, pandemiak euskara eta euskalgintza hain estu hartu dituen honetan, Korrika atzeratu dela eta Herri Urrats zein Sortzenen jaia bertan behera geratu direla, saskiko bost euroko ekarpen osagarria egin dugu Korrikari, Seaskari eta Sortzeni zuzenean bideratzeko.

Izugarria da egungo baldintzetan herri ekimen bat 302.000 euroko ekarpena biltzeko gai izatea. Bihotzez diogu hitzez azaltzeko zaila den zirrara eragiten digula elkartasun erakustaldi honek, eta inoiz baino harroago gaudela gure komunitateaz, Errigora osatzen duten sarekide, euskaltzale, ekoizle eta askotariko herritar ederrez. Eskerrik asko, beraz, erdi bakartuta gauden honetan taldean aritzeko hautua egiteagatik. Eskerrik asko egoera tamalgarri honetan euskararen alde konpromisoa hartzeagatik. Kanpainako leloak dioen bezala, egiten duguna gara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide