Espaziotik Azkoitira

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Odiaga Arriaga 2019ko ots. 24a, 09:22

Eneko Odiagak otsaileko 'Maxixatzen' aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua:

«Lurrari espaziotik begiratzen diogunean, geure burua osotasun bat bezala ikusten dugu… Osotasun bat dakusagu, unitatea, ez banaketa; planeta bat, giza arraza bat». Stephen Hawking zientzialari britainiar handiaren hitzak dituzue horiek.

Nire ustean, horien atzean zera ezkutatzen da: gizateriak ezinbestean lortu beharko lukeenaren desira sakona. Giza arraza honek bizirauteko ezinbesteko izango duen baldintza: entitate, kolonia, gizatalde bakar bat bezala aurre egitea datozkion edo dagoeneko gainean dituen erronkei.

Horrek, ordea, aukeran bi bide jartzen dizkigula esango nuke: (a) gizatalde ezberdinduen arteko talde konkretu baten besteekiko gailentzea talde ezberdindu horien arteko lehia sustatuz; hau da, gizateriak gaur egunera arte egin duen bidea jorratuz jarraitzea, betiko garaile eta garaituen formatuan, zapaltzaileak eta zapalduak izango diren sistema betierekotuz, edo (b) elkar ulertu eta onartzearen bideari ekin, elkarri berdinetik berdinera begietara begiratuz, eta errespetuan eta konfiantzan oinarritutako elkarlanari ekin, modu bateratuan eta osotasun baten sentipenetik erronkei aurre eginez, proiektu amankomun bat garatuz eta sustatuz, zeinetako arazoak eta irabaziak denonak izango diren.

Lehen aukera abian da. Ezagutzen eta bizi dugun sistemaren funtsa da bere horretan; gaur egun norbanakoaren mailaraino jaitsita dagoen ekiteko modua. Bigarren aukerak, zoritxarrez, garatua eta barneratua dugun sistemaren eraldatze sakona eskatuko luke, norbanako bakoitzaren balio, aurreiritzi, pentsabide eta jokamoldeetatik hasita. Lan nekeza benetan.

Dena den, uste dut merezi duela saiakera egitea. Ez mundu mailan. Ez Europa mailan. Hasiera baterako, ezta Euskal Herri mailan ere. Gutako bakoitzak gertuen dugun inguruko errealitatean. Hortaz, zergatik ez hasi Azkoitia mailan? Jardunbide egokiek tendentzia sor dezakete, eta hala izaten dela sinisten dut. Argi dago aurrez aipatutako lehen aukera horretan murgilduta bizi garela, eta aukera horretan biziraun beharko dugula aurrera begira ere. Baina irudipena dut errealitate horretan elkarbanatutako proiektu bat duen kolektibo bakar bat bezala lehiatzeak onurak izan ditzakeela.

Iazko azaroan, Bilbon Pedro Luis Uriarteren hitzaldi bat entzuteko zortea izan nuen, eta han, beste gauza batzuen artean, argi geratu zen Euskadiren lehiakortasun maila nabarmen atzera egiten ari dela. Horrek, noski, gaur egun bizi dugun ongizate mailan eragin zuzena izango du zerbait egiten hasten ez bagara, eta garaia da elkar hartuta ekiteko aurrean ditugun erronkei, izan ditzakegun ikuspuntu ezberdinak ahalik eta gehiena hurbilaraziz. Bada garaia etekin kolektiboa norbere etekinaren aurretik ezartzeko, ingurukoen onurak norbere onuran ere izaten baitu eragina. Ruper Ordorikak bere abestietako batean dioen bezala: «Zertan zabiltza maite kontuetan? Elkarbizitza jokuan… eta zu, berriz, bertso ttikietan». Has gaitezen kolektibo kontzeptua norbanakotik apurka-apurka ateratzen, Azkoitira, Euskal Herrira, Europara, eta azkenik gizateria osora.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide