Emakumea (ere) pilotari

Duela 7-8 urte hasi zen "Emakumea pilotari" proiektua Azkoitian. Eta ordutik neska eta emakume ugarik izan dugu aukera pilotan jokatzeko. Amamak, amak eta alabak. Denak onartzen ditu proiektuak. Lehen pilotan jokatzeko aukerarik izan ez dugunok ilusioz bete gaitu. Batzuk urtebete egingo zuten, beste batzuek bi. Batzuek joan eta besteak etorri. Baina behintzat aukera hori hortxe izan dugu urte guzti hauetan.

Aurten ere emakume talde bat bildu gara irailean, ilusioz. Baina bagenuen kezka bat ere. Izan ere, frontoiko arduradunak esan baitzigun astelehenetako saioa ziurrenik kendu egingo zigutela, umeekin lotutako beste proiektu berri bati lekua uzteko. Hori entzutean, Udaleko kirol arduradunarekin harremanetan jarri nahi izan genuen, baina ez zigun jaramonik egin. Orduan, Pilota Federazioko arduradunarekin hitz egin genuen eta hark Udaleko kirol teknikariarekin (hari bai, hari egin zion jaramon!). Ez omen zen inolako arazorik egongo. Astelehenetan 17:30etatik 19:00retara frontoia guretzat izango omen zen, urte osorako. Beraz, 18 emakumek izena eman genuen Gipuzkoako Federazioak bultzatutako “Emakumea pilotari” proiektuan eta entrenatzeari ekin genion.

Baina hilabeteren buruan arazoak hasi ziren. Udal teknikariak Federazioko arduradunari deitu zion beste proiektu bat sortu zela eta gure ordutegia aldatu egingo zela esanez. Aldatu eta laburtu, gainera. 18:30etatik 19:30etara. Bapatean, hilabetean proiektu bat sortu zen. Maukatik atera zen, antza denez, magoek egiten duten antzera. Teknikariak irailean ez omen zekien horretaz ezer. Hala esan ziguten. Baina gerora, berriz, bertsioa aldatu egin du Udaleko teknikariak. Beno, bertsioa aldatu behar izan du, izan ere, badakigu ordurako bilera batzuk izan zituela proiektu berria kudeatzen duten gazteekin. Baina bere burua justifikatzeko hauxe esan zigun: proiektu berria sortuko zen ala ez ez baldin bazekien, eta artean ordutegirik zehaztu gabe bazegoen, zertarako hasiko zen, ba, irailean gauzak antolatzen? Barkatu. Ez al dira ba irailean hasten ikasturteak? Hala uste genuen, baina beharbada oker ibiliko gara!

Federazioko arduradunaren deia jaso ostean, gure haserrea piztu zen. Eta gauzak argitu nahian, Udaleko teknikariarekin hitz egin nahi izan genuen (berriz) zuzenean. Deitu, bilera bat nahi dugula esan, telefonoa utzi… behin baino gehiagotan. Baina erantzunik ez. Berak aitortu digu mahai gainean zuela gure telefonoa. Baina kalanbrea ematen zion antza denez.

Abenduak 12. Hasi da proiektu berria. 17:00etatik 18:00etara umeen lehen taldea. 18:00etatik 19:00etara bigarrena. Eta guri berriz 18:30etatik 19:30etara joateko esan digute. Nola uztartzen da hori? Ez dakigu. Izan ere, aurrez ez dugu beste bilerarik izan inorekin! 18:30ak iritsi dira eta jolasean gustura zebiltzan umeak kanpora bidali behar izan ditugu, gurasoen marmar artean. Hala egin behar dugula esan digute. Ez zegoela beste aukerarik. 19:00etan Udal teknikariarekin batu gara, Federazioko arduradunak bitartekari lana egin duelako, eskerrak! Gure haserrea adierazi diogu, gure desadostasuna. Azkoitiak pilota arloan hutsune galanta duela-eta ez dugula zertan guk ordaindu. Gauzak ondo antolatzea dela kontua, eta hasieratik ondo egitea. Eta frontoiaren eta haren kudeaketaren jarraipen egoki bat egitea. Baina ez zaio aurpegirik aldatu. Ez. Bera ez da kanpoko frontoi haietan pilotan arituko, putzuetan jauzi eginez, ume gaixoek egin beharko duten antzera. Bera bere bulegoan egongo da goxo-goxo. Baina okerrena ez da hori, ordea. Okerrena da emakumeak garelako guk egiten dugunak gizonezkoenak baino gutxiago balio duela bota digula, lasai asko. Ba, emakumeok ere pilotari izan nahi dugu eta proiektu honen alde borrokan jarraituko dugu, ondorengoek ere aukera hori izan dezaten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide