Ikasi al daiteke historia madarikatuaz?

Erabiltzailearen aurpegia Ekaitz Etxezarreta 2017ko mar. 15a, 11:49

Halakoxea da, bai, historia: madarikatua, gizakia gizaki izatera iristeko gertatutakoa. Gerra, sufrimendua, miseria, goseteak, izurriteak… Guztia berdinen arteko zapalkuntzan oinarritua. Kapitalismoak, hau da, kapital eta ondasunen pilaketa masiboak, gure historia horrelakoa izatera derrigortu du.

Eta politikoki zuzena izango nintzateke hau aldatu beharra dagoela edo zenbaitetan esperantza dudala edota gizakiak alda dezakeela esango banu… Baina, barkatuko didazue, ez naiz hipokrisia merkean eroriko, iraganean askotan baino gehiagotan erori izan nintzen bezala. Beraz, ozen eta garbi esango dut: ez dugu aldatzeko asmorik, ez eta gutxiagorik ere, ez horixe!

Donald Trump (bai, irakurle, nik ere izendatu egingo dut) boterera igo denetik, oso nekeza egiten ari zait berriak ikusi eta egunkariak irakurtzea. Izan ere, komunikabideek gaiaren azterketan darabilten manikeismo inozoak neure onetik ateratzen nau. Azkenean, guztia gauza batera mugatzen da: Trump joaten bada, guztia konponduta. “Hobe hala izango balitz!”, erantzuten diot nik 7 urteko ume baten arrazoiketa izan litekeen horri. Zer pentsamendu magiko klase da hori? Gaurko egunez, 1933az geroztik bizi izan ez den egoera baten lekuko da mundua. Urte hartan, Weimarreko errepublika kolapsatu, eta Europako potentzia ekonomiko nagusiak, Alemaniak, Hitler besarkatu zuen.

Gaur egungo Trumpen inguruko iritzi sinplista eta komikoak –askotan koldarrak eta zekenak– zituzten garai hartako Alemaniako elite politiko eta intelektuala osatzen zutenek ere. Damutu zitzaien! Hain zuzen ere, klase politiko alemaniarraren zati handi batek Weimarreko errepublika mugatu egin behar zela uste zuen, klase langilearen onerako hartu ziren neurri ekonomikoak baztertu eta austeritate ekonomikoko neurriak aplikatu behar zirela, alegia. Horrelako erabakiek eta milizia nazien aurkako debekua indargabetzeak errepublikaren kolapsoa ekarri zuen. Zorigaiztoan murgilduta zegoen langile masak konponbide azkar eta sinpleenak hitzematen zituen aukera politikoari atxikitzea besterik ez zuen. Horrela igo zen alderdi nazional sozialista boterera. Errepublikaren partez, krisialdi ekonomikoaren aurrean babesgabeak zirenei konponbideak zekarzkien estatu protekzionista bat eraiki zen. Horren ordainetan, langileek fideltasun itsuz bete behar zituzten Hitlerren aginduak.

Globalizazioak akats berak egin ditu, eta konponbide azkarrak bilatzen dituen masa babesgabe bat sortu du. Historia errepikatu da, bai, baina orain munduko superpotentzia handienean. Trump, Farage, Orbán eta Marine Le Pen globalizazioak sortutako milaka atsekabetuk igo dituzte boterera. Horrexegatik da alferrikakoa Trumpen kontra egitea, hura ez baita arazoa, egoera baizik. 1973tik su ekonomikoarekin jolastu da, eta ase ezineko anbizioak eta demokratizazioaren gorakadaren beldurrak 1945eko Weimarrekoa bezalako hondamendiak ekiditeko ezarri ziren segurtasun neurriak puskatu ditu. Ondorioz, gaur, Etxe Zurian, galtzaile guztien arazoak edozeren truke (edozer) konponduko dituela esaten duen pertsona daukagu.

Sinetsi al daiteke eskura dugun historiako liburu bildumarekin horrelako jende zikoitz eta memeloaren agindupean egotea eta, are gehiago, 1933an piztu zen infernurako ateak irekitzea baimentzea?

Historia madarikatua ez da?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide