Duela lau urte ekindako bideari jarraipena eman nahi diogu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EAJ 2019ko mai. 22a, 10:22

Jeltzaleek, Javier Zubizarreta alkategaia buru dela, 2019-2013 legealdirako dituzten proposamenak ezagutzera eman dituzte. Herritarrek berriro ere EAJ alderdiari euren babesa ematen badiote, proposamen horietan oinarrituko da hurrengo udal gobernu programa.

EAJ alderdiak hauteskunde programa lantzera bideratu ditu indarrak azken hilabeteotan. “Gure programak edukia du eta realista da, pertsona jarri dugu erdigunean”, dio Javier Zubizarreta alkategaiak. “Gainera, izan dugu aukera ekarpen berriak egin dituzten hainbat eta hainbat herritarrekin programa partekatzeko. Esku artean dugun dokumentuak erronka berrien aurrean kokatzen gaitu. Kontu handiz ibili gara gauza batean: ez sartzen bete ezingo dugun ekimen edo proiekturik. Ezeren gainetik, seriotasuna“. Duela lau urte hasitako bidean jarraitu nahi dute jeltzaleek.

Formakuntza eta enplegua lehentasunak izaten jarraituko dute. 2015etik 2019ra, langabezia %36,26 jaitsi da. 2015eko ekainean 775 langabetu zeuden. 2019ko apirilean langabezian daudenak 494 dira. Datu positiboak dira. Edonola ere, EAJren iritziz, adi egon behar da eta lanean jarriatu laneratzea errazteko, nagusiki, emakumearen kasuan. Arlo ekonomikoan, lursail industriala egokitzea da beste proposamenetako bat, ekimen enpresarial berriak herrira erakartzeko.

Emakumeak protagonismoa hartzen duen beste puntuetako batek gizarte laguntzei dagokie. EAJ alderdiak gizarte laguntzen onuradunen profilak aztertu nahi ditu, batez ere, fokua emakume alargunetan jarriz.

Herri barruko osasun zerbitzuak zabaltzea da alderdiaren beste nahietako bat, joan-etorriak saihesteko.

Aparkalekuen arazoari soluzioa ematea, San Martin eta Floreaga auzoetako irisgarritasuna hobetzea, Santa Klarako espaloia konpontzea, komun publikoak jartzea Oteiza frontoietan, baserri bideak zaintzea, luminariak aldatzea edota kaleetako garbitasuna bermatzea dira hauteskunde programak jasotzen dituen beste hainbat proposamen.

Plazaberriren eraberritzeak eta kirol instalazioen hobetzeak, igerilekuen handitzearekin eta entrenamenduetarako futbol zelai bat eraikitzeko aukera jorratzearekin batera, dira programaren gehiengoa osatzen duten planteamenduak. San Jose egoitza jaistearen eskaeraren aurrean, EAJk dio bere esku dauden neurri guztiak jarriko dituela martxan egoitzaren gaur egungo kokapenak eragiten dituen eragozpenak murrizteko.

Etxebizitza da beste giltzarrietako bat. Floreagan eta Idiakez Ederra Etxean Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko dira eta baita Txalon Errekan ere. Halaber, Intsaustiko eremua sustatuko du EAJk.

Kultura alorrean, alderdiak kontutan du 2024an Azkoitiak bere 700. urteurrena betetzen duela. Herriko ondarea balioan jarriko du EAJk  “Inaziotar bidea“ eta “Euskal kostaldea“ marka turistikoez baliatuz.

Halaber, EAJk sail ezberdinei dagokien eta ondo funtzionatzen duten programak eta zerbitzuak indartzen jarraituko du. Berdintasuna, euskera edota ingurumenarekiko errespetua, berriz, gai transbertsalak dira, “esparru guztietan izan behar dute presentzia eta guztietan hartu behar dira aintzat”. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide