Bizenta Mogel elkarte soziokulturala

Bizenta Mogel taldea 1990. urtean sortu zen. 2014an ospatu genuen 25. urteurrena. Garai hartan, 1990ean, bazen bailarako emakumeez osatutako talde bat. Guk, azkoitiar emakume batzuek, pentsatu genuen Azkoitira eta azkoitiarrei begira talde bat osatu eta lanean hastea; hain zuzen ere, helduen formakuntzan eragiteko.

 

Bizenta Mogel izena jarri genion elkarteari. Izan ere, hura azkoitiarra eta idazlea zen, lehen aldiz euskaraz idatzi zuena. Irakurtzen eta idazten ia inork ez zekien garaian idazlea eta irakaslea izan zen, ezkondu egin zen eta lanean jarraitu zuen, Bizkaiko Foru Aldundian aritu zen lanean, sendabelarretan aditua zen... Euskal emakume guztientzat izan zen aitzindari, eta guretzat, azkoitiarrontzat, zer esanik ez.

Arlo desberdinak ukitu nahian, herritar guztientzako moduko gaiez hitz egiteko beti izan ditugu ate guztiak irekiak. Hala izan zedin nahi izan genuen hasieratik, eta horretan segitzen dugu. Egia esan, hitzaldiak antolatzen ditugunean gonbidatzen ditugun hizlariei harridura sortu izan die solasaldien ordutegiak: izan ere, oso berezia da hitzaldiak 15:30etik 17:30era egitea. Baina ordutegi horrekin jarraitzen dugu hasieraz geroztik, arrazoi nagusi batengatik: emakumeek haurrak ikastetxera eramateko eta ondoren jasotzeko aukera izan dezaten.

Garaian garaikoak, baina solasaldietan arlo guztiak ukitu ditugula esan dezakegu: osasuna, drogak, ingurugiroa, bizikidetza, sukaldaritza, formakuntza, espiritualitatea, familia, legediaren gaurkotzea, kultura, erlijioa eta abar.

Hainbat ibilaldi egin izan ditugu Euskal Herri osoan: Donostiako Aquariuma, San Telmo museoa, Tabakalera, Bilboko Arte Ederren Museoa, Azkuna zentroa, Guggenheim, Madariaga dorrea, Gasteizko katedral zaharra, Gasteizko Alde Zaharra, Arabako Arte Ederren Museoa, Iruñeko katedrala, Iruñeko Alde Zaharra, Baionako katedrala, Hendaiako Abbadia Gaztelu Behatokia... Urteotan guztiotan ireki dituzten eraikuntza eta museo gehienak ikusten izan gara.

Gure taldeak foru aldundiarekin, Azkoitiko Udalarekin eta Gipuzkoan sortu diren hainbat eta hainbat elkarterekin dugu hartu-emana. Jendearekin harreman ezin hobea lortu dugu. Hitzaldi zikloa gerturatzen hasten denean, jende askok galdetzen digu: noiz hasiko dira? Zeri buruzko hitzaldiak izango dira?

Betiko jendeaz gain, entzule berriak ere etortzen dira solasaldietara; azken urteetan fidelizazio handia dute guk antolatutako saioek, eta asko pozten gaitu horrek. Beti saiatzen gara eguneroko bizitzarekin zerikusia duten eta arrakasta izan dezaketen gaiak prestatzen.

Guretzat ohore handia da urteetan dugun giro hau mantentzea. Ahalik eta saio onenak antolatzen saiatzen gara, eta, batez beste, 50 lagun izaten da jardunaldi bakoitzean. Hori horrela izanik, oraingoz badugu antolakuntzarekin jarraitzeko asmoa eta gogoa; beraz, horrela segitzea da aurrera begira dugun asmoa.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Maxixatzeni gure taldearen aurkezpena egiteko eman digun aukeragatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide