Apirila amaierako itzalaldiak sortutako aztoramena ulergarria da. Inork ez zuen imajinatu ere egiten horrelakorik gerta zitekeenik eta, sistemaren ahulguneez gain, gizarte aurreratu hau zein zaurgarria den utzi du agerian, gure egunerokotasunak argindarrarekiko duen erabateko mendekotasuna egiaztatuz.
Oligopolio elektrikoari kontuak eskatu behar zaizkio, noski, baina oligopolio hori zergatik dagoen ere galdetu behar da. Zergatik dago, edozein Estaturentzat energia elementu erabakigarri eta estrategikoa izanik, gizartearen interes orokorrari erantzun beharrean, enpresa pribatu handien eta espekulatzaile finantzarioen esku? Gaur egun, diruaren inguruan, merkatu eta aberats gutxi batzuen beharren inguruan eraikitako jendarte antolaketa konkretu batean bizi gara eta, hori horrela, gobernuek beraiek baino gehiago agintzen duten erakunde eta enpresa boteretsuen irizpide komertzialek mugitzen dute mundua.
Gertatutako itzalaldiaren arrazoietan eta ondorioetan arreta jarriz, egin beharreko gogoeta oso garbia da: burujabetza energetikoa eta sektore estrategikoen kontrol publiko handiagoa izan behar dugu. Horretarako, beti ere erakunde publikoen aldetik, herritarren bizi kalitaterako oinarrizkoa den energia jasotzeko eskubidea bermatu behar da, pobrezia energetikoari aurre egin eta trantsizio energetiko eta ekologiko justu bat sustatuz.
Maila guztietako morrontza honen aurrean, EH Bilduk eraldaketa sozial eta ekonomiko sakon baten alde egiten du. Bestelako Euskal Herria nahi dugu, subiranoa, bere etorkizunaren jabe izango dena, gure gizartearen errealitateari begira erabakiak hartuko dituena, herritar guztiok behar ditugun bertatik bertarako politikak diseinatuko dituena. Pauso bat haratago doazen ideiek eta helburuek asebetetzen gaituzte eta garai berrietara egokitzen hasi beharrean gaude. Herri bezala, ahalik eta mendekotasun gutxien izateko apustua egiten dugu eta, horretarako, pertsonen bizi beharretatik abiatu behar da, oinarrizkoak eta estrategikoak diren sektoreen kontrol publikoa hartuz. Bide horretan, printzipioetan tinko eta jarreratan malgu izan behar dugu, Euskal Herriko beste sektore abertzale eta aurrerakoiei zubiak eta espazioak eraikiz, guztion arteko proiektu bateratua zutik jartzeko.
Ideia berritzaileak hain urriak diren garai hauetan, ez dakigu zer etorkizun energetiko izango duen herri honek, baina, inposatu nahi digutena ez den beste bat eraikitzeko gaitasunaren araberakoa izango da. Helburu handiak gauzatu nahi ditugu eta bideko oztopoak ere ez dira txikiak izango. Hasteko, energia ekoizpena deszentralizatzea, burujabetza energetikoa bermatzea, energiaren etekinak eta kontrol publikoa gureganatzea nahi badugu, gure erantzukizuna hartzetik abiatu behar dugu, besteei erruak egozteari utzi eta egungo jardunbideen ordezko aukerak mahai gainean ipiniz.
Berriztagarrien hedapena
Hasteko, berriztagarrien hedapena beharrezkoa ikusten dugu, baina ez gaur egun egiten ari diren moduan, enpresa pribatu handien esku utziz. Hedapen hori, betiere, herritarren parte-hartzearekin egin behar da, modu ordenatuan eta kontrol publiko zorrotzarekin. Zeregin horretan, energia komunitateak dira gaur egun adibiderik agerikoenak. Hauek, euren energia, modu parte-hartzailean eta autonomoan ekoitzi, kontsumitu eta kudeatzen dute, onura ekonomiko guztia energia komunitateko kideen energia kostuak murriztera eta ingurumenaren errespetuan oinarritutako garapen sozialera bideratuz. Ardurei ezin diegu iskin egin eta hau bezalako beste aukera eraldatzaile ahalik eta egokienak bilatzeko ahalegina egin behar dugu, berdin segitzen badugu, lehengoa baino ez baitugu lortuko.
Herri gisa badugu, baita ere, arlo ezberdinetan burujabetasuna lortzeko bidean jartzeko ordua, gure bizitzarako beharrezkoak diren baliabideak (elikagaiak, energia eta besteak) modu independentean ekoizteko edo eskuratzeko gaitasuna izateko eta kudeatzeko. Esparru horretan, ezin dugu alde batera utzi trantsizio ekosozialak duen garrantzia. Ildo horretan, besteak beste, ekonomia sozialaren aldetik, industria, kontsumo eredua, elikadura sistema, etxebizitza, energia, eta mugikortasuna izan behar ditugularik erdigunean.
Azpikoz gora dagoen mundu honetan gizartea errotik desorekatuta dago eta bada munduko “ordena” desordenatzen hasteko ordua. Gaur egun gure gainetik dauden elite energetiko hauek apaltasun astindu eder bat merezi dute eta, gure txikitasunetik, ditugun baliabide energetikoak kudeatzearen norabidean urratsak ematea ahalbidetzen duten prozeduretan egin behar dugu lan. Oztopoak ez dira txikiak izango, baina lehenagotik ere, hasiera batean ezinekoak ziruditen proiektuak errealitate bihurtu ditugu. Garena gara, herri subiranoa amesten duen proiektu bateko kideak eta, gauza bat garbi dugu, ezinezkoa dirudite asmo askoek, egiten diren arte. Errealitatea ez da existitzen, guk sortzen dugu.