Hasteko, modu positiboan baloratzen dugu azken urte honetako hauteskunde zikloan izan dugun babesa. Azkoitian zein Euskal Herrian argi gelditu da herritarren aldaketarako nahia. 2023an hala ahalegindu ginen, udal gobernu aldaketa bultzatuz. Hori ez lortuta, oposiziotik azkoitiarren bizitza hobetzeko eta errazteko ekimenak proposatu eta abian jartzeko lanean jarri ginen. 2024ko aurrekontuetarako lortu genituen hala nola UEMAn sartzea, hileta zibilak gauzatzeko eskubidea bermatzea, alde zaharraren biziberritzea, Ipintzarako komun publikoa, zazpi frontoietarako gaueko aparkalekua, Urbanue hobetzea eta beste zenbait neurri.
Oposizio eraikitzailerako prestutasuna izanik akordiorako eta elkarlanerako esparruak ere sortu ditugu, hala nola Oletako zentral eolikoari aurkeztutako helegite bateratua. Horrekin batera, herritarren eskura energia berriztagarria izateko lanean ari gara.
Nahiz-eta udalak egoera ekonomiko ona duen, mugatua da bere eragiteko gaitasuna. Esaterako, azken agintaldian zorpetzean gora egin zuen EAJren udal gobernuak hiru milioi euroko maileguak eskatuz, eta horren helburua porrot egindako herri proiektuaren kudeaketan sakontzea izan da. Hori horrela, datozen urteetarako inbertsioak gauzatzeko zailtasunak izango ditu herriak. Aipatzekoa da, nahiz-eta gutxiengoan egon, udal gobernuak sarritan gehiengoa izango balu bezala gobernatzen duela, beste alderdiak kontuan hartu gabe.
Deigarria egiten zaigu Azkoitia Baik jokatu duen rola. Udal gobernu aldaketari ateak itxi zizkion EAJri alkatetza lagaz, eta aldi berean hiru gobernu ardura hartu zituen: aurrekontu parte hartzaileak, egoitzako proiektua eta ingurumen mahaia. Gaur gaurkoz, nahiz eta oposizioan kokatu bere burua gobernu ardurak gauzatzen ditu. Argitu egin beharko dute zer diren.
EH Bildutik udalgintzan eta herrigintzan honako gai hauek jorratzen jarraituko dugu:
1- Herri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO): herri jasangarria eta ekologikoa, herritarren partaidetza bultzatuko duena eta genero ikuspegia txertatuko duena.
2- Trantsizio eko-soziala: komunitate energetikoak, energia ekoizpen eta kontsumo garbia. Eolikoen eta Azkarateko zabor plantaren jarraipen estua.
3- Euskara: UEMAn sartu gara eta bidean jarraituko dugu. AEKri beharrezko baliabideak ematea euskararen biziberritzean jarraitzeko modu duinean.
4- Politika feministak: politika feministetan sakondu beharra. LGTBI+ kolektiboaren diagnostikoa eta ekintza plana. Horiek gauzatzeko ezinbestekoa da berdintasun teknikaria lanaldi osoan egotea.
5- Langile eta klase herritarrak: langileen egoerak okerrera egin du. Azkoitian Sidenor eta Merkal oinetakoak dira horien adibide. Lehenengoan aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea martxan da, eta bigarrengoan langileak greba mugagabean dira.
Hurrengo urteetan, Autonomia Estatutuaren eguneratzea egokituko zaigu. Lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea onartuak izan daitezen egingo dugu ahalegina. Gatazka politikoari begira, urratsak eman dira, baina asko dugu egiteko elkarbizitza, memoria edota euskal presoak etxeratzeko lanean.
Ezin bukatu Koldo Campos adiskidea aipatu gabe. Udal hauteskundeetan zerrenda-kidea izan genuen, San Jose egoitzako ahots nekaezina. Militantea eta laguna zendu zaigu. Eskerri asko lagun, beti hor egoteagatik; injustiziak salatzen edota proiektu berri baten defentsan.
EH Bildu indartzen eta erreferente politiko izateko baldintzak jorratzen jarraituko dugu. Horrek ematen digun ardura eta ilusioarekin lanean jarraituko dugu, gehiengo sozial eta hegemonikoa lortze bidean.
Badugu zer egina eta gogoa.