EAJ azkoitiarron oroimen historikoa berreskuratzearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2016ko eka. 1a, 11:00

Joan den apirilean 250 urte bete dira 1766ko matxinadatik. Azkoitiko eta Azpeitiko Matxinada bezala ezaguna den garai hori historia ofizialetatik kanpo utzi izan da, nahiz eta gure bailarako gertaera historiko sonatuenetakoa izan. Historia ofizialean, matxinada  hura  zapaldu zuten jauntxo ilustratuak bakarrik ageri dira. 

Historiaren beste alde hau, herritar xeheen historia, gure ondare historikoa ere bada, azkoitiar guztiona, eta EAJko udal gobernuak uko egin  dio gure historiaren atal hori azkoitiarrok hobeto ezagutzeko aukerari. Izan ere, EH Bilduk aurkeztu eta Azkoitia Baik babestutako mozioaren kontra bozkatzearekin Azkoitiko EAJ orduko jauntxoen aldean jarri da, eta Azkoitian eta Azpeitian azken bi hilabetetan egiten ari diren gertaera haiek herritarren artean zabaltzeko ekimenetan parte hartzeari eta laguntzeari uko egin dio. Politikoki salagarria deritzogu duela 250 urteko historia ezagutzeari gaur egun trabak jartzen saiatzeari.

Hona hemen EHBilduk aurkeztu zuen mozioa eta EAJko ordezkari independenteek atzera bota zutena:

1766ko matxinadaren inguruko mozioa

1766ko apirilean Urola eskualdeko (azkoitiarrak aurrenak zirela) eta beste hainbat txokotako herritar ugarik “aski da!” esan eta jauntxoen aurka altxatu ziren. Garai hartan gosearekin espekulatzen ari ziren Azkoitiko eta inguruetako jauntxoak, herritar xumeak gose izateko arriskuan ziren bitartean. Matxinadaren aurkako  errepresioa, itzela izan zen.

Hau gertatu zela 250 urte bete dira egun hauetan. Azkoitiko eta Azpeitiko Matxinada bezala ezaguna den garai hori historia ofizialetatik kanpo utzi izan da, nahiz eta gure bailarako gertaera historiko sonatuenetakoa izan. Historia ofizialean, matxinada hura  zapaldu zuten jauntxo ilustratuak bakarrik ageri dira. Historiaren beste alde hau, herritar xeheen historia, gure ondare historikoa ere bada, azkoitiar guztiona, jende apalaren eskubideen alde eginiko borroka izan baitzen matxinoena.

 

Hori guztia kontutan izanda, Azkoitiko Udalbatzak honakoa onartu du:

-1766ko apirileko matxinadan parte hartu zuten herritarrei aitortza egitea eta gure herriko historiaren parte direla onartzea.

-250. urteurrena dela eta egiten ari diren ekintzetan parte hartzea eta hauek bultzatzeko konpromisoa hartzea.

-Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Azpeitiko Udala, Azpeitiko Kultur Mahaia eta beste zenbait eragilerekin hartu emanetan jartzea matxinadaren inguruan egiten ari diren lanketan lankidetzan aritzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide