Bizipoza elkarteak gizarte mailan lan egiten duten elkarteak biltzen ditu, eta tartean dago Marea Urdina elkartea. Guztira, 38 elkarte daude egun Bizipozaren barruan, eta horiek egiten duten lana erakusteko asmoz, elkarte bakoitzari buruzko dokumental motzak sortzen hasi da, baita Marea Urdinarena ere. Gainera, ikus-entzunezko lan horiek guztiak webgune batean ari da biltegiratzen Bizipoza, eta ikusgai jarri ditu dagoeneko.
Iaz egin zuen Bizipoza elkarteak Marea Urdinaren dokumentala, eta bertan Marea Urdinako Nekane Zalbide eta Ane Segurola kideen azalpenak ikusi eta entzun daitezke. Elkartea zein den azaltzeaz gain, haren helburuak zein diren eta zer ekintza bideratzen dituzten azaltzen du hark. Lau lagunek sortu zuten Marea Urdina, autismoa duten pertsonen aldeko sentsibilizazio ekimen bat bezala, baina elkarteak azken urteetan dimentsio handia hartu du. Marea Urdinaren helburua bakarra da: inklusioa.
Inklusio hori, ordea, ez dute bakarrik eskola mailara zuzendu nahi, baita kirolera, kulturara eta aisialdira ere. Bailaran aniztasun funtzionala duten pertsonak herrian sortzen diren aktibitate eta dinamika ezberdinetan leku bat izan dezaten egiten dute lan, horretarako herriko agente eragile ezberdinei inklusioaren betaurrekoak jartzen saiatuz.