Sarek Arrasateko (Gipuzkoa) martxa bertan behera utzi du, eta biziarteko kartzela-zigorraren kontrako aldarrikapena Euskal Herriko plaza guztietara eramango du larunbat honetan. Hori horrela, Azkoitiko Sarek dei egin nahi die azkoitiarrei, bihar, larunbata, Azpeitiko (Gipuzkoa) plazan 12:00etan egingo den elkarretaratzean parte har dezaten.
Duela aste batzuetatik hona, Sare Herritarrak, eta, zehazki, Arrasaten arlo horretan lan egiten duten pertsonek presio izendaezina jasan dute larunbat honetarako –irailak 18– egindako deialdia dela eta. Bere garaian esan genuen, astelehenean Donostian errepikatu genuen eta gaur berresten dugu: Arrasateko Sarek deitutako ekitaldiaren helburua da publikoki salatzea euskal presoei salbuespen izaerarekin aplikatzen zaien legedia.
Orduan aipatu genuen eta berriro aipatu behar dugu 7/2003 Legea, zeina "ad hoc" onartuta baitzen euskal presoei aplikatzeko. Lege horrek ezkutuko bizi osorako kartzela-zigorrak ahalbidetzen ditu, eta halakotzat jo behar da, ezin baita bestela egin, espetxean 40 urteko zigor efektiboa betetzera kondenatuta dauden hamabost preso ingururen egoera. Kondena horiek espetxeen arloko araudian ezarritakoaren kontrakoak dira, araudi horrek ezartzen baitu askatasunaz gabetutako pertsonak birgizarteratzea izan behar dela helburua.
Desimagina, Aramendi, Aretxabaleta, Badiola, Etxebarria, Castro, Larretxea, Parot, Troitiño edo Zapirain dira preso horietako batzuk.
Sektore mediatiko eta politiko batzuetatik, baita instituzional batzuetatik ere, giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko, eta, kasu batzuetan, kriminalizatzeko ahalegina egin da, arrazoirik gabeko akusazioetan oinarrituta, eta behin eta berriro esanez preso jakin bati egin nahi zitzaion omenaldia zela.
Inguruabar hori etengabe gezurtatu bada ere, horretan tematu dira. Deialdi hau egiteko gure egiari, gure arrazoiei entzungor egin zaie, eta maltzurkeriari, deskalifikazioari eta presioei eutsi zaie. Eta, larriagoa dena, alde batera utzi da, nahita, Sarek beti bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde egin duen apustua.
Une historikoa
Sarek behin eta berriz nabarmendu du gure herrian bizitzen ari garen une historikoaren garrantzia. Arduraz jokatzeaz gainera, etorkizunaren aldeko apustua egitea eskatzen duen unea da. Bizikidetzan eta konponbidean oinarritutako etorkizunaren aldeko apustua.
Balorazio positiboa egin izan dugu, urteetako blokeo-egoeraren ondoren, urruntze-politika bertan behera uzteko eman diren urratsen inguruan, eta, gure aukeren barruan, urrats horietan lagundu dugu. Guztion artean, urratsez urrats, baina atzera begiratu gabe, euskal presoek eta haien senideek oraindik ere jasaten duten eta haien eskubideak urratzen dituen salbuespen-araubideari amaiera emateko bidea zabaltzea lortu dugu.
Salaketa
Horregatik, harridura osoz hartu ditugu arlo politiko, instituzionalean edo mediatikoan egun hauetan plazaratu diren jarrerak. Erantzukizunik gabeko jarrerak dira, eta indartu egin dituzte espetxe-politikan edozein aldaketa errefusatzen duten horien jarrerak, aurrerapauso horiek gerarazteko presioa eta manipulazioa –biktimen mina modu arbuiagarrian erabilita, kontrakoaren aurkako arma gisa erabiltzeraino– baliatu dituzten horien jarrerak. Sare herritara ez duzue inoiz aurkituko jarrera horietan.
Giza eskubideak
Indarkeriaren biktimak eta pertsona guztien giza eskubideen errespetua kontrajarri nahi izan dituzten horiei gogorarazi nahi diegu giza eskubideak ezin direla partzelatan bereizi. Ezin dira batzuk defendatu, eta beste batzuk mespretxatu.
Sarek ez dio utziko inoiz pertsona guztien giza eskubideak, eta, beraz, askatasunaz gabetutako pertsonenak ere, defendatzeari eta haien alde mobilizatzeari. Eta zehazki, demokratikoa eta zuzenbidezkoa dela dioen estatu batean herritar guztiei, salbuespenik gabe, dagozkien eskubideen alde.
Beti helarazi diegu gure begirunea indarkeriaren biktima guztiei. Lan egin dugu bizikidetza-espazioak sortzeko eta gure herrian sortutako indarkeria guztien biktima izan direnei gure enpatia helarazteko.
Eta horregatik aldarrikatzen dugu gure legitimotasuna eskubideak urratzen dituzten lege eta jarduketa guztien aurka egiten jarraitzeko, eta horren adibide bat da 7/2003 Legea, zeina euskal preso ugariri aplikatzen zaien.
Erabat bateragarriak dira biktimekiko gure errespetua eta giza eskubideen edozein urraketaren aurrean egiten dugun salaketa.
Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina biktimei min handiago eragiten diela dioen argudio faltsua erabilita.
Elkar ulertzeko espazioak bilatzeko unea da, bizikidetzan aurrera egin ahal izateko, eta baztertu egin behar dira, xede politiko edo ideologikoak direla medio, etsaitzeko, hutsaltzeko eta manipulatzeko jarrerak. Arduraz jokatu behar dugu bizitzen ari garen une politikoa aintzat hartuta. Argi dugu posible dela, ahaztu gabe, aurrera egitea gorrotorik gabe.
Konfrontaziorik eza
Duela egun batzuk, Donostian, urriaren 23an hiriburu horretan egingo dugun manifestazioaren aurkezpenean, esan genuen ez genuela ikusten arrazoi objektiborik bertan behera uzteko larunbat honetarako Arrasaten programatutako martxa.
Egunek aurrera egin ahala, kezkaz ikusten ari gara nola zenbaitek ekitaldi hau bertan bakez parte hartu nahi dutenekiko konfrontaziorako erabili nahi duten.
Betidanik defendatu dugun erantzukizuna oinarritzat hartuta, gaur iragarri behar dugu ez dugula inolako konfrontazio espaziorik elikatuko. Iragarri behar dugu ultraeskuinaren aldarriak aintzat hartuta Arrasatera liskarrak eragitera etortzeko asmoa zutenei ez diegula konfrontazio horretarako aukerarik emango.
Horregatik erabaki dugu, Sare-Arrasateko kideekin batera aztertuta, martxa hori bertan behera uztea eta Arrasaten egitekoa zen aldarria Euskal Herriko plaza guztietara eramatea. Honela, larunbat goizerako kontzentrazioak deitzen ditugu Euskal Herriko plaza guztietan, «Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea» lelopean.