Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zero Zabor 2016ko mai. 19a, 00:24

Errausketaren kontrako Mugimenduak maiatzaren 29an egingo dugun giza katera gonbidatu nahi ditugu Azkoitiarrak. Diputazioa eta Onkologikoa elkartuko dituen 5 kilometroko giza katea osatzea dugu erronka (azkoitiarrok 2. zatia osatzen lagunduko dugu medikuntza fakultate inguruan). Izena emateko txartelak Zakela tabernan eta Oreka dendan edo www.erraustuez.org webgunean eskuratu daitezke eta igande honetako baserritarren azoka eta txahal eta sagardo dastaketan ere txartelak banatzen izango gara plazan.



Mobilizazio berezia izango da: osasunaren aldeko eta erraustegiaren kontrako giza-kate bat, Onkologikoa eta Foru Aldundia lotuko dituena.

Zergatik hasi Onkologikoan? Ez dugulako han bukatu nahi.

Zergatik bukatu Foru Aldundian? Bertan has daitekeelako behar baino pertsona gehiago Onkologikoan bukatzera eraman ditzakeen bidea.

Zenbat kilometro dago Onkologikotik Foru Aldundira? 5, gutxi gorabehera. Eta zenbat pertsona beharko dira maiatzeren 29ko katea osatzeko? Pertsona bat metroko kalkulatzen badugu, 5.000, batez beste. Dezente. Asko. Erronka handia da, dudarik gabe. Horregatik herritarrei ekimen honetan parte hartzeko deia egiten diegu.

Gaia serioa da eta ekimena ere serioa izango da, besterik ez genuen behar. Baina ez dugu horregatik kolore ilunekin margotuko, osasunaren aldeko ekimena izango delako, eta osasuna, azken batean, alaitasuna ere badelako. Horregatik lanean ari gara maiatzaren 29an musika, emozioak eta sorpresak ere falta ez daitezen.

Beraz, maiatzaren 29ko mobilizazio honen bidez irudikatu nahi dugu gai honekin minimoki interesatu den edozeinek dakiena, baita jendaurrean dakiten hori ukatzen dutenek ere. Alegia, badaudela datu zientifiko sendoak esateko hondakinak erretzea asoziatzen dela minbizi-kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, baita beste hainbat gaixotasun ugaltzearekin ere, erraustegi batetik 10 kilometroko inguruan bizi den populazioan.

Erraustegiak pertsonen osasunari kalte egin diezaiokeela errotik ukatzen du Foru Aldundiak. Hala ere, badaezpada, instalazio “modernoa” izango dela esan eta esan ari dira, “punta-puntakoa”, “kontrol-sistemarik zorrotzenak” izango dituena. Baina noiztik dira modernoak erraustegiak? Lehenego erraustegia eraiki zen une beretik. Eta, garaian garaiko modernoenak izanda ere, oso kutsakorrak ziren orduan eta oso kutsakorrak izaten jarraitzen dute orain. Esaterako, Carlos III Unibertsitateko ikerketa-txostena, minbizia eta errausketa lotzen dituena, ez da orain dela 20 urtekoa, ezta orain dela hamar urtekoa ere, 2014koa baizik, eta erraustegi modernoak ere kontuan hartzen ditu. Anbereseko erraustegiak ere eztanda egin zuen, ez aspaldi-aspaldi, joan den otsailean baizik.

Bizkaiko erraustegia, adibidez, modernoa da, inon modernorik bada, orain dela hamar bat urte baino ez baitzen eraiki. Eta, hala ere, iaz 235.000 tonelada CO2 isuri zituen atmosferara, berotegi-efektuko beste hainbat gas eta elementu kutsagarri botatzeaz gain. Enpresak berak Estatuko Erregistroari emandako datuak dira, hau da, datu ofizialak (errealak are handiagoak direla susmatzeko arrazoiak badira, noski). Eta hainbesteko kutsadura sortzen duen instalazio batek ez du pertsonen osasunean ez ingurumenean eraginik izango?

Erraustegi hitza erabilita, zertaz ari garen nahiko argi ikusten da, beharbada argiegi. Gehiegizko argitasun horrek nonbait kezkatuta, Foru Aldndiak energia balioztatzeko planta esamoldea hobetsi izan du. Baina esamolde honi gertatu omen zaio hainbat botikari sarriegi erabiltzearen poderioz gertatzen zaiena, alegia, eragingarritasuna galdu eta, trukean, dosia handitu egin behar dela. Hala, energia balioztatzeko planta eufemismoa motz geratu omen zaie, eta, trukean, Gipuzkoako Ingurumen Konplexua esaten hasi dira, konplexurik gabe. Norbaitek gauzak bere izenez ez deitzeko hainbeste esfortzu egiten duenean, logikoa da herritarrok pentsatzea ziria sartu nahi digutela.

Arestian esan bezala, osasasuna izango da maiatzaren 29an egingo dugun giza katearen zentroa. Alabaina, Foru Aldundiak orain dela gutxi iragarri du erraustegiarekin zerikusia duen guztia enpresa pribatuen eskuetan uzteko asmoa duela. Beraz, derrigorrezkoa dirudi agerraldi hau horri buruzko zerbait esateko ere aprobetxatzea.

Lankidetza publiko-pribatua? Bai, kutxa publikotik zein herritarron poltsikoetatik sekulako dirutza atera eta esku pribatuetan uzteko lankidetza. Nola ez den enpresa interesaturik egongo? Zenbat eta kontratu leoninoagoa izan, gero eta enpresa interesatu gehiago, gainera. Hau da kasu horietako bat zilegi egiten duena ohiko galdera: agintari publikoek enpresa pribatuak kontratatzen dituzte zerbitzu bat eman dezaten edo alderantziz ote da?
Bukatze aldera, labur-labur: erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua da. Gainera, garestia da; alde horretatik, belaunaldi hau ez ezik gure seme-alabena ere hipotekatuko du. Eta hori gutxi balitz, birziklatze-bidean zein ekonomia zirkularreko bidean aurrera egitea ere oztopatzen du.

Beraz, proiektu toxikoa da, eta gipuzkoarrok txintik ere esan gabe irenstea gure herritar-kontzientziaren osasuna bere onenean ez dagoen sintoma litzateke. Maiatzaren 29an, berriz, gure ahotsa ozen entzunarazteko aukera izango dugu.

Gogoan izan:
“Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian,
eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi”.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide