Azkoitia BHIn STEAM [zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika] proiektu handi bat garatzen ari gara: zientzia gune bat eta baratze jasangarri bat sortzea. Ez da baratze arrunta: ikasleek zientzia esperimentatzen dute, ikasi egiten dute eta ikasten duten guztia praktikan jartzen dute. Eta hori guztia ingurumena errespetatuz, elkarlanean eta sortuz.
Ikasleekin batera sortu dugu: landareak landatu, bankalak eraiki, plastikoa jarri, ura zaintzeko sistemak asmatu... Ikasturtean zehar pauso guztiak eman ditugu, eta Aste Santua baino lehen proiektua osorik martxan jarri genuen. Proiektu honek, gainera, diziplina ugari biltzen ditu: biologia, teknologia, artea, fisika, kimika, informatika eta gehiago. Helburua? Zientzia ikasgela bat baino zerbait gehiago bihurtzea: esperimentaziorako, sormenaren eta balioen garapenerako gunea izatea.
Gainera, ikasleek taldeka lan eginez ikaskuntza esanguratsua bizitzen dute: ura aurrezteko teknikak ikasten dituzte, landareekin esperimentatzen dute eta guztiaren atzean zientzia eta pentsamendu kritikoa lantzen dute. Eta nola ez, ingurumenarekiko eta gizartearekiko erantzukizuna ere bai.
Hori guztia herriarekin partekatu nahi dugu. Gure helburua ez da soilik ikastetxe barruan gelditzea: proiektu hau guztiona da. Herritarrak, gurasoak, erakundeak, lagunak... denon laguntza eta babesa nahi dugu. Horregatik, laster webgune bat irekiko dugu proiektua zabaltzeko, eta egindako lanak eta emaitzak bertan partekatuko ditugu.
Zoritxarrez, Aste Santuan negutegia erabat apurtu digute. Aurretik ere gertatu zen, baina oraingoan dena hautsi dute: plastikoak, egitura… Lan guztia kolokan geratu da. Hala ere, ez dugu etsi. Ez gara bere horretan geratuko. Proiektua ez da geldituko.
Zientzia gune hau guztiontzat eraiki nahi dugu. Guztiona da, guztion artean babestu beharrekoa. Herritarren laguntza eta parte-hartzea funtsezkoa da, proiektu honek bere fruituak eman ditzan, eta ikasleek etorkizunera begira esperientzia paregabea bizi dezaten.
Eta amaitzeko, lasai baina argi esan nahi dugu:
Horren guztiaren aurrean, lehenengo pausoa salaketa jartzea izan da, ertzain-etxean, haiek beren bidea egin dezaten. Egia esan, eragindako gastua alde batera utzita, zer pentsatua eragin digu gertatutakoak:
Nork egin du hori? Zergatik? Ezin al du hezkuntza komunitateak bidean aurrera egin? Zergatik bidean oztopoak izan?
Galdera horiek airean daude, eta horien inguruan zuek ere zerbait badakizue edo parte hartu nahi baduzue, jo gugana lasai. Elkarrekin, bidea oztopoz betea izan arren, aurrera egin dezakegulako.