Apirilaren 7az geroztik, ia bi hilabetean, hondakin gunea dela eta ez dela, Azkoitia osoa aztoratuta ibili gara. Azkenean, maiatzaren 28an egin zen gune horri buruzko jarrera desberdinak elkar trukatzeko bilera. Bilera horretan, alderdi politiko, Jaurlaritza, herri eragile eta enpresetako ordezkariak bildu ginen. Talde bakoitzak bere ikuspuntua azaldu zuen, eta garbi gelditu zen hondakin gunearen aurkako arrazoiak nagusi zirela. Ondorioz, alkateak bere hitza betez, proiektua ez zuela bultzatuko adierazi zuen. Orain arte isilik egon den EAJ ere lerrokatu da, eta hondakin guneari ezezkoa ematen diola adierazi du. Beraz, hondakin gune hau ez egiteko, udaletxean eman beharreko pausoak emateko konpromisoa hartu dute.
Azkarate Garbi plataforman oso pozik geratu gara ia bi hilabeteko borrokaren ondoren lortutako emaitzarekin, baina zer pentsatu handiak eman dizkigu prozesu hau guztia nola joan den ikusteak: alkatea jakitun izan gabe, hondakin gunearen proiektua Jaurlaritzatik etorri omen zen atzera bueltarik gabe; alkateak eta EAJk ez omen zekiten Larkeren proiektua ez zela herriko beharretara mugatzen. Noski ez dugula sinesten egia direnik, baina hala balira, are eta kezkagarriagoa litzateke, zeren, zer nolako funtzionamendua adierazten du horrek? Noren eskuetan gaude? Besteoi leporatu diguzue, bai alkateak eta bai EAJk, gauzak manipulatu eta jendea nahastu izana, baina, prozesu guzti honetan gezurra esan eta datuak ezkutatu dituzuenak zuek izan zaretela garbi geratu da. Inola ere ezin baita justifikatu zuen jarrera, izan ere, gezurretan jardun ez baduzue eta esaten duzuena egia balitz, are eta larriagoa litzatekeelako.
Dena dela, sartu den zulotik ateratzeko modu itxurosoa erabili nahi izan du alkateak parte hartze prozesua deituz. Ongi etorriak herriari hitza ematera bideratutako ekimen guztiak. Baina, esan beharra daukagu, herriari hondakin guneari buruz egia esan eta bere iritzia hasieratik galdetu izan balitzaio, sortu den iskanbila guztia ekidingo zuela, beraz, alkatea eta Udal Gobernua egiten ditugu herria asaldatu izanaren erantzule. Eta, orain artekoa alda ezina bada ere, ikasgai ederra atera dezakezue: aurrerantzean, gai korapilatsu bat erabaki aurretik, udalak, benetako parte hartze prozesuak bultzatu behar dituela datu guztiak mahai gainean jarriz, horrela saihestuko liratekeelako gaizki ulertuak eta haserreak. Ea bada, herriari hitza ematea, udalaren hemendik aurrerako jokaeraren aurrekari bat den, eta gardentasunean eta demokrazian sakontzen dugun, denok irabazle izan gaitezen.
Inolako zalantzarik ez dago, gauzak argituaraztea eta alkateari eta EAJri atzera pausua emanaraztea, azkoitiarron borrokaren emaitza izan direla, herria mugitu izanaren ondorio alegia. Plataformek, lapiko-jotzeak eta Maxixatzenen izandako inoiz ez bezalako parte hartze ugariak, etab. garbi erakutsi dute herritarren inplikazioa. Ausartu egin gara gure desadostasuna azaltzera, eta ikusi dugu hau dela bidea. Argi geratu da prozesu guzti honetatik atera behar dugun ikasgaia: herritarrok, borrokaren bitartez bakarrik lortuko dugula agintariei geure interesak kontuan hartuaraztea. Beraz, zoriondu gaitezen egindako borrokaren emaitzaz, eta aurrerantzean ere, adi egon gaitezen zer-nolako proposamenak egiten edo zer erabaki hartzen dituzten. Ez dugu ahaztu behar ausartak izanez eta borrokaren bitartez bakarrik lortuko dugula herritarron interesak babestea.