Birziklapena, berrerabilera, ekonomia zirkularra, energia berriztagarriak… Nor dago horren guztiaren aurka? Gu ez. Baina hitz horiei lotuta aurkezten diren plan eta proiektuen atzean dagoen guztiaren inguruan hausnarketa sakon bat egitea ezinbestekotzat jotzen dugu.
Enpresa pribatuen lehen helburua irabaziak lortzea da. Ideia hori oinarritzat hartuta, nahi adina helburu edo proiektu solidario gehiago aurkeztu ditzaketen arren, horien guztien gainetik irabazi asmoa dagoela argi eta garbi izan behar dugu.
Azkarateko proiektua stanby-n geratu arren, mugimendu berrien zain jarraitzen dugu, adi-adi berriro ere geure eskubideak eta ongizatea defendatzen jarraitzeko prest.
Bitartean, ordea, hasieran aipatutako hitz itxaropentsu horiekin apaindutako beste proiektu baten berri izan dugu: Oletako parke eolikoa.
Bertakoa ez den enpresa batek gure inguruko paraje ederrenetako batean jarri nahi du zentral eolikoa. Jarriko dituzten aerosorgailu erraldoiek ikaragarrizko eragina izango dute ingurunean.
Martxan jartzeak, lur mugimendu ikaragarriak suposatuko ditu, izan ere mendi puntaraino iritsiko diren pista zabalak eraiki beharko dira. Honek zuzenean eragingo du paisaian, lur azpiko hidrologian eta zer esanik ez bertako landare eta animaliengan, azken hauen habitatean aldaketa nabarmenak eta galerak eraginez.
Martxan jarri ondoren, animaliek jasango dituzte kalte handienak, bereziki hegazti eta saguzarrek. Ehunka hilko dira errota ikaragarri horien besoen ondorioz. Inguruko bizilagunen bizi kalitatean ere eragin zuzena izango du sortuko den zarata dela eta.
Hori gutxi balitz, parke horren kalteak betirako geratuko dira, egindako lur mugimendu horiek betikotu eta hortxe geratuko baitira. Gainera, aerosorgailuen beso erraldoien birziklapenerako planik ere ez dago gaur egun eta lurperatu egiten dira.
Gizakion kontsumo eta beharrak gero eta handiagoak dira, eta energia eta lehengaiak gero eta garestiago daude, eta horiek lortzeko arazoak ere badaude kasu askotan. Guztiok izan behar dugu egoeraren jakitun eta guztion ardura da planeta zaintzea.
Edonork egin ditzakegu ahalegin eta ekarpen txikiak: berrerabili, kontsumo arduratsua izan, tokian tokiko produktuak kontsumitu, birziklatutako produktuak erosi…
Ahalegin indibidual horiek, ordea, ez dira nahikoak mundu mailako arazo honi aurre egiteko. Behar-beharrezkoa da kolektibo bezala ere neurriak hartzea itzulera gabeko puntura iritsi aurretik. Hori, ordea, gure agintarien esku dago.
Kolektiboen ordezkari horien ardura da proiektu arduratsu eta benetan onuragarriak martxan jartzea. Horretarako ezinbestekoa da erakunde desberdinen komunikazio eta elkarlana eta batez ere, interes ekonomikoen gainetik ingurunea eta bertako bizidun guztion ongizatea jartzea. Ezin dugu onartu gure ordezkari bezala diharduten horiek beste alde batera begiratu eta interes ekonomiko hutsean oinarritzen diren proiektuei aurrera jarraitzen uztea.
Azkarate eta Oletako kasuetan esaterako, nahitaezkoa da proiektu horien dimentsionamenduaren eta eragingo dituen kalte eta onuren azterketa bat egitea eta baita sortutako onura horiek bertako beharrak edo kanpokoak asetzeko izango diren jakitea ere.
Izan ere, ingurumena benetan axola eta zaindu nahi izatea gauza bat baita eta lelo horretaz aprobetxatu eta proiektu suntsitzaileei maskara berdea jarriz poltsikoak betetzea beste bat.