Andramaixik gabeko abuztua

Aurten ez da txupinazorako jendetzarik elkartuko.

Andoni Elduaien Soraluze kazetariak abuztuko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Andramaixik gabeko abuztua'.

Udako eguzkiaren beroak pizten ditu jaiak Euskal Herri osoan, eta ahal dugunean hango eta hemengo festak gozatzen ahalegintzen gara. Txosnak, agertokiak edota barrakak udazken loreen moduan agertzen dira herrietan, baita festarako irrikaz izaten diren herritarren presentzia ere. Laja eta Landakanda trikitilari azkoitiarren kanta batek dioen eran, "herriko festak izaten dira gazte guztientzat gozamena". Eta halaxe dira, bai. Musikak, dantzak eta jai giroak kutsatzen du gutako bakoitza, eta lagunarteko une alaiak zein irribarrez betetako pasarte ahaztezinak bizitzen ditugu, hori bai bakoitzak bere eran. Gozameneko orduak dira andramaixek niretzat.

Egungo egoera ikusita, zuhurtziaz eta zentzuz jokatu behar dugu, aurten ez baigara festa giroarekin kutsatuko; denok dakigu zerk kutsatu ahal gaituen. Gure esku dagoen guztia egin behar dugu uda honetatik salbu ateratzeko eta udazkenean berriz etxean ez sartzeko, edo are okerragoa izan litekeena, gure etxeetako inor ospitalean ez ikusteko. COVID-19aren hedapena geldiarazi beharra dago, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan egin bezala, gurean ere ez da aurten andramaixek ospatzerik izango. Azkoitiarroi abuztuak barruan mugitu ohi digun tximeletak aurten ez du hegaldi luzerik egingo. Eta hori ez da inolaz ere berri ona. Izan ere, festek badute urte guztiko penak eta tristurak ezabatzen laguntzeko gaitasuna, bai behintzat nire barnean. Sasoi bat amaitzeko eta bestea irekitzeko garaitzat hartuta dut uda. Agian, eskola garaiko egutegiarekin bizitzen ohituta nagoelako izango da. Hori ere aitortu behar dut. Eta horixe ari da gertatzen COVID-19arekin ere. Egutegi bat jarri nahian gabiltza birusari, amaiera epea jarri nahi diogu. Alarma egoerak izan lezake horretan eraginik, jarraitu beharreko urratsak astez aste markatu baitizkigute.

Festen garaia da, zalantza izpirik gabe, herritarrok dirua gehien gastatzen dugun sasoia; besteentzat, berriz, diru-iturri nagusienetakoa da. Ez naiz ari hitz egiten ostalariei buruz bakarrik. Ile-apaindegi, arropa denda eta bestelakoentzat ere horrela delakoan nago, izan ere festetarako buru aldea askok txukuntzen du, baita soinerako jantzi berria erosi ere. Gazte askok espero genuen alarma egoeratik irtendakoan festak ospatzeko moduan izango ginela, baina ez. Itxaropen ustelak baino ez ziren. Nahiz eta ez duten alarma aktibatu, gero eta ozenago entzuten da haren hotsa.

Azkoitian lagun askok egiten dute lan besteen pozerako andramaixetan. Nola ahaztu gintezke bada horren erraz musikariekin, erraldoien eta buruhandien eramaleekin, txosnetako boluntarioekin edota kuadrillen eguneko bazkarirako paella egiten dutenekin? Lerro hauek guztiak bete nitzake guztiak aipatzen hasita. Atseden urtea izango duten honetan, doakie haiei guztiei nire txalorik beroena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide