Erredakzioa leku bizia eta askotan kaotiko samarra izan ohi da. Askok irudi hori izango du. Maxixatzenen bulegoan, lasaiago ibili ohi gara, nahiz eta izaten diren kaos uneak. Eguneroko informazioa ahalik eta txukunen eta argien ematen ahalegintzen gara maxixatzen.eus webgunean, eta gai landuagoak eskaintzen ditugu hilero banatzen dugun aldizkarian.
Koronabirusa da munduaren egungo argazkia, baita azkoitiarrona ere; ez gara mundutik aparte bizi. Ez dut argazki hau gustuko, aspertu bainaiz gai berari buruz egunero idazten. Ohartuko zineten webgunean COVID-19 gora eta koronabirusa behera gabiltzala. Herritarrak konfinatuta daude etxeetan birusaren hedapena ekiditeko, eta bai, guk ere lan egiteko modu berri bat asmatu behar izan dugu: telelana. Gure eginkizuna da gizartearen abiadura berean joatea, eta gertatzen den guztiaren berri garaiz ematea. Urolako Komunikazio Taldeak, era berean Maxixatzenek, konfinamendua ezarri baino egun batzuk lehenago hartu zuen lana etxetik egiteko erabakia.
Esango duzue, zertan ari da Maxixatzeneko kazetari hau bere eginbeharrak zein diren azaltzen? Gaitza zabaldu aurretik sarritan pentsatu izan dut kazetariok egiten dugun lana etxetik ere egin genezakeela, betiere ondo antolatuta. Garaia iritsi zaigunean, ordea, ohartu naiz ez dela berdina lana etxetik egitea. Antolaketa handia eskatzen du, eta muga asko ditu. Webgunea martxan jarri ondoren, goizean eta arratsaldean bideo-deiak egiten ditugu lankideok lanak banatzeko. Eta finean horixe da telelana, hitz egitea, online hitz egitea. Uneoro ordenagailura edota telefonora konektatuta egon behar dugu. Etxeko ordenagailuaren osasun egoera zein den ez dakit, baina ziur naiz bere amaiera azkartu duela nire lan egoerak.
Webgunea egunero eguneratu behar dugu, horretarako elkarrizketatuak aurkitu, erreportajeetarako gaiak aurkitu edota albisteak landu behar izaten ditugu. Alabaina, sare sozialak elikatu behar ditugu, Facebook eta Twitter sare sozialetako jarraitzaileak ere zain izaten baititugu. Eta ezin ahaztu hilero etxeetara iristen den aldizkariarekin. Aldizkarirako gaiak pentsatu eta idatzi, argazkiak atera, testuak zuzendu, kolaboratzaileak aurkitu... Itxiera ordua gorriz markatuta izaten dugu.
Egoera honek eman didan abantailatxoa zein den ere azaldu nahi dizuet, ordea. Eutsi egin behar zaie ohitura onei, eta lankideok bagenuen gurea. Plazako tabernara joan ohi ginen ordu laurden batean bertako zerbitzari batek prestatutako kafe goxoa hartzera. Orain, etxekoarekin konformatu behar. Itzuliko gara, jakina.
Guk ere egiten ditugu akatsak, noski. Kontuan hartzea nahi nuke etxetik ari garela lanean eta herrian gertatzen dena gure gelako mahai gainetik ari garela idazten; sinetsidazue, ez da erraza. “Gaitza desagertu da” titulatu nahi dut, herritarrak elkarrizketatu, berriz guztia lehenera etorri dela idatzi, leher egin arte. Berandu baino lehen kalera itzuli nahi dut, kalea baita kazetarion habitat naturala.