Jokalari moduan, amaitu zaizu Anaitasunako ibilbidea. Nolakoak izan dira hamasei urte hauek?
Bikainak izan dira. Txiki-txikitatik oso gustura aritu naiz taldean, eta harrotasun osoz esan dezaket Anaitasunako kideetako bat izan naizela hamasei urtez.
Zer dela-eta hartu duzu futbola uzteko erabakia?
Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut futbola uztea, baina, erabakia hartu behar zen unean, beti taldean jarraitzeko erabakia hartzen nuen. Hainbat lesio izan ditut urte hauetan, eta aurten orain dela lau urte agertu zitzaidan lesioa agertu zait berriz. Pixkanaka ilusioa galtzen joan naiz. Orain arte oso denbora gutxi izan dut neuretzat, eta horrek ere bultzada txiki bat eman dit behin betiko erabakia hartzeko orduan.
Anaitasuna 6, Orioko 0. Pentsatzekoa da oroimenean betiko gordeko duzula atezain izateari utzi zenion eguna.
Egia esan behar badut, bai. Horrelako egunak beti izaten dira politak eta bereziak, eta bizi guztirako eramango dut oroimenean. Horrelako egunak gutxi izaten dira bizitzan.
Agur eguna zen, eta ondo amaitu nahi zenuen ibilbidea, baina gozoa behar zuena gazi amaitu zen. Zer gertatu zitzaizun?
Egun polita izan behar zuen, baina, beroketako azken momentuan, behatz txikia atera nuela ohartu nintzen. Hurrengo astelehenean medikuarenera joan nintzen, eta jakin nuen hautsita neukala larunbatean bere lekutik atera zitzaidan behatza. Halere, egunak gozotik gehiago izan zuen gazitik baino.
Nahiz eta zure azken neurketa nahi bezalakoa ez izan, oro har, egin duzuen denboraldia txapela kentzeko modukoa izan da.
Sekulako denboraldia egin dugu, bai! Ondo hasi ginen, eta uste dut horrek eraman gaituela bigarren postuan bukatzera. Azkenera arte Hirugarren Mailara igotzeko aukerak eduki ditugu, eta hori oso zaila da.
Hamasei urtean Anaitasunaren atea babesten jardun eta gero, denetik bizitzeko aukera izan duzu. Gogoratzen al zara Ohorezko Mailako taldearekin debuta egin zenuen egunarekin?
Bai, gogoratzen naiz. Txerloiako futbol zelaian Oñatiko Aloña Mendiren aurka jokatu genuen, eta 2-0 irabazi. Kadete mailako atezaina nintzela egin behar izan nuen debuta Ohorezko Mailako taldearekin. Entrenatzaileak neurketa horretarako deitutako beste atezaina gaixotu egin zen, eta azkenean neuk jokatu behar izan nuen.
"Harrotasun osoz esan dezaket Anaitasunako kideetako bat izan naizela"
Zein momentu onekin geldituko zinateke?
Hamasei urteko ibilbideak askorako ematen du, eta momentu onak asko izan dira. Bi gauza nabarmendu nahiko nituzke beste ezeren gainetik. Hirugarren Mailara igotzea lortu genuen eguna aparta izan zen, baina urte hauetan guztietan aldagelan izan dugun lagun giroa hobea izan da. Momentu horiekin gelditzen naiz.
Atezain zinela, Anaitasunari sasoi txarrak ere egokitu zaizkio.
Sufritzea ere tokatu zaigu, bai. Ohorezko Mailatik Erregional Mailara jaitsi ginen eguna oso gogorra izan zen. Hala ere, esango nuke gehien sufritzen den unea lesio garaia dela. Niretzat horrela izan da.
Nahiz eta jokalari izateari utzi, Anaitasunan segituko duzu. Zehazki, zertan arituko zara?
Ohorezko Mailako taldean atezainen entrenatzaile izateko eskaintza egin zidaten, eta onartu egin nuen. Horrez gain, delegatu lanak ere egingo ditut, eta Jubenil eta Kadete mailako atezainak entrenatuko ditut.
Ilusiorik sortzen al dizu lan horrek?
Ilusio handia sortzen didaten karguak dira; bestela, ez nuke lan hori neure gain hartuko.
Argi al zenuen Anaitasunaren inguruan jarraitu nahi zenuela? Zergatik?
Anaitasunan jarraitu nahi nuen, eta ez nuen zalantzarik egin eskaini zizkidaten karguak onartzerakoan. Hamasei urteren ondoren, Anaitasunari laguntzen jarraitu nahi nuen. Bizitza erdia baino gehiago daramat bertan, eta ez nuen taldea guztiz utzi nahi.
"Kadete mailako atezaina nintzela egin behar izan nuen debuta Ohorezko Mailako taldearekin"
Zeren falta igarriko duzu gehien?
Batez ere, aldagela barruko giroarena; ez da gauza bera izango jokalari moduan edo entrenatzaile moduan egotea. Bestalde, Txerloiako ateak ezin babesteak hutsune handia sortuko dit.