Ametsen antzokiko ametsa gauzatuta

Asko dira bi astean behin herritik Anoetara Realaren partidak ikustera joaten direnak, baina etxeko berotasuna galdu egiten du taldeak Donostiatik irteten denean. Eurree taldeak hemendik urrun sua eta horrekin batera berotasuna eskainiko dizkio hemendik aurrera.


Lehen txinpartak Azkoititik 1.146,94 kilometrora sortu ziren. 2013ko urriaren 23a zen, eta Realak eta berekin batera Manchesterreko Ametsen Antzokira joan ziren zortzi mila zale txuri-urdinek betea zuten amets bat. Realak Champions Leagueko neurketa zuen Manchester United talde ingelesaren aurka, eta hainbeste zaleren artean azkoitiar batzuk ere joan ziren. Haien artean zen Iban Sudupe ere, Eurree taldeko burua. Orduan oraindik ez zen taldea sortua, eta, berrogei azkoitiarrekin batera, Zumaiako Algorri taldeak antolatutako bidaiaren partaide izan zen.

“Bidaia hartan eman genuen lehen pausoa”, dio Sudupek. “Besteak egiteko gai izan baldin badira, zergatik ez guk sortu geurea?”, gehitu du. Ideia gauzatzerako, ia bi urte pasatu dira. 2014. urteko abenduaren amaieran, Sudupek eta haren lagun batek urte berrirako erronkak egin zituzten, eta Suduperena talde edo peña bat sortzea izan zen. “Nik nire erronka bete nuen, baina nire lagunak ez”, dio, barrez.

2015eko urtarrilean hasi ziren lanean, eta, Realarekin hitz egin, dokumentazioa bildu eta hilaren 15ean Anoetara joaten diren lagun guztien onespenarekin, taldearen sorrerarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Eurree taldea handik hamaika hilabetera jaio zen, Azkoitiko Otarre jatetxean. Udaleko, Anaitasunako eta, nola ez, Realeko ordezkarien artean, 50 bat lagun bildu ziren ordukoan: Loren kirol zuzendaria, Jon Ansotegi eta Alberto De la Bella jokalariak eta zuzendaritzako kideak izan ziren han. Eurree taldeko kideek bideotxo batekin hasi zuten orduan aurkezpen ekitaldia; hain zuzen, haziak erein zituzten lekuko irudiekin. Manchesterreko grabazioekin, bideo hunkigarria erakutsi zuten.

Askok galdetuko dute zergatik jarri dioten Eurree izena, baina horretan ez zuten arazorik izan. Whatsapp aplikazioan Anoetara joaten direnen artean talde bat dute, eta Eurree izenarekin dute egina lotura. “Realari, talde ona izateko, borrokarako sena falta zaio”, dio Sudupek. “Azkoitian sen horri egurre esaten diogu guk,
eta hortik dator esanahia”. Haien asmoa garbia da: taldeari borrokarako sena sorrarazi nahi diote. Orain 25 kide dira taldean, eta ez soilik herritarrak: Azpeitiko, Debako, Mendaroko, Donostiako eta Lasarteko jendea ere badago.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide