Atal teorikoa hiruna orduko bi saiotan egin genuen Azkoitiko Elkargunean, abenduaren14an eta 15ean. Saioak zuzentzen val d´Aranetik etorritako Eduardo Gonzalez izan genuen. Eduardo Mountain Lines taldean dabil eta ACNAren (Associació pel coneixement de la neu i les allaus) kide da, esperientzia handiako mendi eskiatzailea. Hark hainbat gai jarri zizkigun mahai gainean: elur jausien hirukia (baldintzak, terrenoa eta taldea), estatistika eta mito okerrekin sarrera egin zuen. Gero, horiek banan-banan xehatu zituen: elur eta elur-jausi tipoak, nola eragiten ditugun; terreno seguruaren garrantziaz jardun zuen, terrenoaren tranpak, elur-jausi terrenoen sailkapena..., atzetik, taldearen taldearen gestioaz mintzatu zen, erabaki zuzenak, bide seguruak hartzearen garrantziaz, talde gisa aritzeaz...; amaitzeko, elur-jausiak harrapatuta, nola jokatu eta beharrezko materiala izan zituen hizpide. Oso kontu interesgarriak, benetan!
Atal praktikoa, hilaren 9 eta 10ean burutu dugu Aran bailaran. Urtarrilaren 9an elkartu ginen Eduardo Gonzalezekin eta harekin batera gidari, irakasle arituko ziren Jabier Barro (Mountain Lines) eta Montse Bacarditekin (Mountain Lines eta Lauegi d´Aran). Hiru talde egin eta alor teorikoan aztertutakoa bertatik bertara behatzea izan genuen helburu, horretarako Baqueiratik Saboredo aterpetxera doan bidea hartu genuen terreno; izan ere, terrenoa izan zen gehien aztertu genuen elementua, gertukoa, urrunagokoa, malda Ekialdera ala Mendebaldera begirakoa den... Aterpera iritsita, erreskate tresnak begiratu eta erreskate saioa, simulazioari ekin genion. Gauean, hainbat alditan aipatutako W. Munterren 3x3 metodoa lagun (hiru faktoreri erreparatu: meteo baldintzak, terrenoa eta giza faktorea. Horiek guztiak, ordea, hiru planotan: plano orokorren, etxean, eskualdeko informazioaz; plano lokalean, han bertan, inguratzen ari garenean; eta plano puntualean, malda aurrez arre dugunean), hurrengo egunerako ibilbideaz jardun genuen.
Igandean, LAUEGIren elur-jausi arriskuen buletina (BPA) entzunda, elurra mara-mara, mendira atera ginen. Ikusi ezin, eta haize baldintzak gogorrak zirenez, elurraren kapak aztertzeari ekin genion, estratifikazioa nolakoa zen jakiteko; izan ere, behekoa nolako, gorago antzeko. Azkena, beheko bideari eutsita, biktima ugariko erreskate simulazio erreala egin genuen... Ondoren, gozo-gozo, behera.
Mahaiaren bueltan egin genuen ikastaroaren balorazioa. Positiboa, benetan! Aurrera begira, zentzuz jokatzen lagunduko baitigu!
Bukatzeko, ahaztu ezin ditugun 10 aholku:
1.- Prestatu irteera.
2.- ARVA, pala eta sonda beti gainean.
3.-Material segurua erabili.
4.- Tokirik seguruena hautatu bidea egiteko.
5.- Unean inoiz ez jarri talde osoa arriskuan.
6.- Ondorioak beti kontuan izan.
7.- Erabakiez jardun behin eta berriro.
8.- Taldean elkarrekin hitz egin behin eta berriro.
9.- Kezkatu, formazioa eta informazioa jaso.
10.-Kontserbadorea izan.