'Segi pelotan'

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Matxinea 2018ko urr. 21a, 11:00

2020ko irail aldera izango da hurrengo festibala Euskal Autonomia Erkidegoan. Momentu honetan bien arteko ekuatorean gaude; hori dela eta, gogoeta bat egiteko momentu aproposa iruditu zait. 

Azken festibalean, 2016ko irailaren 25ekoan, lehenik triangeluar bat jokatu zuten Podemos, PSE eta PPk, eta hiruretatik alderdi morea gailendu zen. Ondoren, PNVk EH Bildu garaitu zuen azken partidan, alde nabarmenarekin, eta beranduxeago, horren ondorioz, lehendakaritzaren eta EAEko gobernuaren jabe egin ziren.

Eta zergatik alderaketa hori pilota festibal batekin? Bueno, herritarren gehiengoak ez duelako oso modu desberdinean funtzionatzen hauteskundeetan eta oro har kirol partidetan. Gehienok dugu gustuko dugun pilotari, talde, jokalari… bat edo beste. Eta nire pertzepzio pertsonala da alderdiekin antzeko zerbait gertatzen dela.

Izan ere, «Jendeak ardura handiagoa du Errealak zer egingo duen datorren larunbatean politikan baino» esaldia mutur literaleraino eraman nahi dut koherentzia mantenduz. Hau da, zein alde dago talde baten aldeko joera izatean edo alderdi baterako joera izatean? Nola egiten zara talde baten (ulertu talde, pilotari, kirolari…) zale? Nire ustez behintzat, arrazoia baino faktore askoz ere garrantzitsuagoa da ingurua bera. Arrazoiak, pentsatzeak, informatzeak, irakurtzeak, koherentziak… balio txikiegia dute gaur egungo gizartean.

Ikaragarria da jendeak nolako arduragabekeriarekin jokatzen duen bere bizitzaren %100 baldintzatzen duen zerbaiten aurrean. Demokrazia burgesa erraietaraino sartua du gizarteak, besterik ez balego bezala. Itsu-itsuan jarraitzen diogu boterearen delegazioari boto bitartez. Horretan laguntzen dute, gainera, alderdi politiko nagusiek.

Eskuineko alderdiak (gutxienez PNV, PSE eta PP, EAEko legebiltzarraren kasuan) alde batera utziko ditugu, azken finean horiek beraien klase sozialaren defentsa egiten baitute, burgesiaren defentsa, alegia. Eta, honezkero antzemango zenutenez, ikusia da boterea beraiena dela; beraz, beren interesak arrakastaz betetzen dituzte. Baina demokrazia burgesean, gainera, badira fenomeno hori bultzatzen duten ustezko ezkertiarrak, boto zikin batzuengatik langileon alternatiba erreala ezerezten dutenak. Batzuek marxistatzat dute beren burua, eta publikoki diote, batere lotsatu gabe! Alberto Garzón, Pablo Iglesias, Arnaldo Otegi… Denak gezurretan! Uste dut badela garaia langileak infantilizatzeari uzteko eta publikoki onartzeko ez zaretela ez marxista, ez sozialista, ez komunista eta ez ezer. Asko jota sozialdemokraziaren hiru adibide garbi zarete, ez gure heroiak, langile klasearen traidoreak baizik. Marxisten ideiak nahi bezala hartu, testuingurutik atera eta gainera zeuenganatu dituzuen iruzurti batzuk besterik ez. Gothako programa XXI. mendean.

Hau guztia gizartearen politikarekiko interes faltan babestuta egin duzue. Gizarteak beharrezkoa du, beraz, politika aktiboan egunerokotasunean nork bere harri koskorra ekartzea, formatuz eta aktibatuz. Inork engaina ez gaitzan.

Bizitza politikoan, parte hartzea nahitaezkoa da, ez da aukera bat. Izan ere, parte ez hartzearen erabakia bera ere erabaki politiko bat da, har daitezkeen txarrenetarikoa, dena besteen menpe uztearena, eta azken finean sistema parlamentario europarrek batez ere bultzatzen dutena. Lau urtean behin botoa ematea, alegia, eta etxera berriro beste lau urte pasatu arte, Olinpiar jokoak balira bezala. Bada, Olinpiar joko hauetan pilota festibala izango da berriro ere Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, beti bezala, lastima izango da inork ez duela gorriz jokatuko.

Segi pelotan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide